Azpeitiko (Gipuzkoa) Urola ikastola aurrean agerraldi bat egin dute Urola Erdiko IKAS ikasle autodefentsa sareko kideek, eta modu horretan eman dute haien azken lorpenaren berri. Hemendik aurrera, ikastetxera joateko autobus zerbitzua ordaintzeko dirulaguntza bat eskatu ahalko dute Urola ikastolako batxilergoko ikasleek; momentuz, zerbitzua erabiltzen duten 50 ikasleek urteko 125 euroko laguntza bat izatea lortu dute.
Urola Erdiko IKASek eta Ikasle Abertzaleakek urtarrilean jarri zuten jopuntuan autobus zerbitzuak batxilergoko ikasleen familientzako zekarren gastua: urtean 300 euro. Ikasleek mahaira ateratako auzi horren aurrean, ordea, batxilergoa egitea "ikasleen hautazko erabaki bat" dela esanez erantzuten zuen ikastetxeak. "Egoeraren larritasuna ikusita", borrokara jo zuten ikasleek, helburu garbi batekin: ikastetxeko zuzendaritzak autobus zerbitzuaren gastuaren ardura bere gain hartzea. Ikasleak batzen hasi ziren, eta zuzendaritzarekin bilerak egiteari ere ekin zioten.
Pauso bat
"Hainbat ikaslerentzat
eskolara bertaratzeko beharrezko baliabidea da garraio publikoa", IKASen
esanetan, baina kostu hori ere sarri ikasleen familien gain erortzen
dela salatu du. Modu horretan, "ikasketa prozesuaren gastuak nabarmen
areagotzen" direla dio. Hala, "ikasle langileen baldintza materialetan
aurrerapauso garrantzitsua" da autobus zerbitzuaren kostuaren zati bat
ikastetxeak ordaintzea, IKASek nabarmendu duenez.
Hezkuntza publikoaren kalitatearen "gainbeherarekin" lotu ditu garraio zerbitzuan dauden gabezia horiek: "IKASeko kideok uste dugu autobus zerbitzuen murrizketa, beste zerbitzu askoren murrizketarekin batera, azken urteetan hezkuntza publikoak jasan duen kalitatearen beherakadaren beste adierazpen bat besterik ez dela. Zerbitzuen murrizketak langile klasearen bizkarrera egiten dira, sektore horrek egin behar baitie aurre murrizketek sortzen dituzten kalteei. Gainera, zerbitzu horien faltan, familia askok zailtasun handiak dituzte ikasketa prozesuak eskatzen dituen gastuei aurre egiteko".
IKASeko kideek azpimarratu dute, hala, beharrezkoa dela "doakoa izango den garraio zerbitzu" bat, eta "hori lortzeko bidean lanean jarraituko" dutela diote. "Garaipena modu isolatuan ulertzetik urrun, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza eredua lortzera bidean egindako pausoa besterik ez da lortutakoa. Horrek izan behar baitu helburua".