AKTUALITATEA / Itaia
Azken erailketa matxista salatzeko protestara deitu du Itaiak hainbat herritan
Aurreko asteburuan, Soraluzeko emakume bat erail zuen bere senarrak Benidormen. Hilketa matxista salatzeko hainbat elkarretaratze antolatu ditu Itaiak; hala nola, Gernikan, Tolosan, Beasainen, Azpeitian eta Zarautzen.
2022eko irailaren 28
Azken erailketa matxista salatzeko protestara deitu du Itaiak hainbat herritan

Joan den astelehenean jakinarazi zuten Soraluzeko (Gipuzkoa) emakume bat hil zuela bere senarrak Benidormen (Alacant), bien etxebizitzan. 68 urteko emakumea labankadaz erail zuen gizonak, eta gero, trafiko-istripu batean galdu zuen bizia. Erailketa matxista salatzeko, protestara deitu du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak.

Atzo iluntzean, Gernikan (Bizkaia) eta Tolosan (Gipuzkoa) egin zituzten elkarretaratzeak Busturialdeko eta Tolosaldeko Itaiak. Gaur, berriz, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Beasainen (Gipuzkoa) mobilizatzera deitu dute Urola Erdiko eta Goierriko Itaiak, hurrenez hurren; 19:00etan izango da Azpeitiko kontzentrazioa, herriko plazan, eta 19:30ean Beasaingoa, Bideluzen. Biharko, bestalde, Zarautzen antolatu dute elkarretaratze bat Urola Kostako Itaiako kideek. 19:30ean izango da protesta, Zarauzko udaletxe aurrean.