AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Mohammed Saber
2024/01/10 11:21

Bonba- eta tiro-hotsek ez dute etenik Gazako Zerrendan: palestinarrek hiru hilabete daramatzate, gau eta egun, sionisten eraso militar masiboak jasaten. Urriaren 7tik hona, 23.000 palestinar baino gehiago erail dituzte indar israeldarrek; tartean, 9.000 haur inguru eta 100 kazetari baino gehiago. Zaurituak 58.000 baino gehiago dira, eta milaka lagun desagertu dira; zenbaezinak dira jada. Erasoen ondorioz, gainera, 2 milioi gazatarrek egin behar izan dute ihes, euren etxeak atzean utzita.

Sionistek erabateko setio-egoeran daukate Gazako Zerrenda, eta eraso militarrez gain, hornidura guztien blokeoa eta eskasia jasaten ari dira palestinarrak; hala nola, elikagaiena eta urarena. Besteak beste, laguntza humanitarioari ere egiten diote eraso okupazio-indar israeldarrek: atzo bertan, esaterako, laguntza humanitarioa jasotzeko esperoan zeuden palestinarren kontra egin zuten tiro militar sionistek Gazan.

Gupidarik gabe jarraitzen dute sionistek ospitaleei, anbulantziei, eskolei edota meskitei eraso egiten eta horiek suntsitzen. Hori gutxi balitz, ohikoa izaten ari da soldadu sionistak gazatarren etxeetara sartzea eta edonolako jabetzak lapurtzea, bai eta palestinarrak hilobiratu dituzten tokietara sartzea ere. Erokeria horren erdian, gainera, etenik gabe ateratzen dira argitara militar eta bestelako kolono sionisten bideoak, palestinarrak jasaten ari diren sarraskia dela-eta iseka egiten, edota erasoak ospatzen.

Soldaduek argitaratutako irudien artean badira, aurretik gertatu bezala, palestinarrei egindako torturak inpunitate osoz erakusten dituztenak ere. Berriki zabaldu dituzte hainbat bideo, militar sionistek atxilotutako hainbat gazatarri emandako tratu txarrak erakusten dituztenak. Gazako hainbat kartzelatako irudi beldurgarriak ere plazaratu dituzte.

Sionistek okupatutako Zisjordanian ere izugarriak dira palestinarren kontrako erasoak. Etengabeak dira haien kontrako bonbardaketak, tiroketak eta atxiloketak (tartean haurrenak), eta hamaika etxetara sartzen nahiz errepideak suntsitzen jarraitzen dute militar israeldarrek.

Palestinako erresistentzia armatuak, dena den, eusten jarraitzen du lurraldeko hainbat puntutan. Erresistentzia-brigadak ere ari dira irudiak argitaratzen, sionista genozidei aurre egiteko gauzatzen ari diren erasoak erakusten dituztenak.

Mobilizazioak Euskal Herrian

Azken hiru hilabeteetan, hamaika mobilizazio izan dira Euskal Herrian Palestinako herriarekin elkartasunez. Urriaren amaieran, adibidez, manifestazio erraldoi bat izan zen Bilbon (Bizkaia), palestinar erresistentziaren alde eta sionismoaren kontra. Palestinarekin Elkartasuna izena hartu duen dinamikak egin zuen deialdia, eta protesta gehiago ere antolatu ditu ordutik: azaroaren erdialdean, hala, palestinar erresistentzia aldarrikatzeko mobilizazio gehiago izan ziren Maulen (Zuberoa), Iruñean (Nafarroa), Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean, Gasteizen (Araba) eta Bilbon.

Gazako Zerrendan sionistak egiten ari diren sarraskiak hiru hilabete bete dituen honetan, kalera ateratzera deitu du berriz Palestinarekin Elkartasuna dinamikak. Deialdi handi bat egin du urtarrilaren 27rako, Ordizian (Gipuzkoa): 12:00etan, manifestazio bat abiatuko da San Bartolome auzotik, sionismoarekiko konplizitatea salatzeko.

Horren aurretik ere deitu du mobilizatzera plataforma horrek, ordea. Aurreko asteburuan manifestazio bat izan zen Altsasun (Nafarroa), eta ostiral honetan elkarretaratze zaratatsu bat egingo dute Donostian (Gipuzkoa), CAF enpresa eta Gipuzkoako Foru Aldundia sionismoaren konplize gisa seinalatzeko. Izan ere, CAFeko presidentea sarituko du Aldundiak, sionistekin eskuz esku negozioa egiten aritzen den arren.

EZ DAGO IRUZKINIK