AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/12 14:59

Urriaren bukaeran, mobilizazio deialdi bat egin zuten Euskal Herrian, palestinar erresistentziaren alde eta sionismoaren kontra. Gora palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida lelopean aurkeztu zuten manifestaziorako deialdia Bilbon (Bizkaia), bai eta horrek oinarri izango zuen manifestua ere, hamar ideia nagusi bilduta. Urriaren 28rako deitu zuten mobilizatzera, Bilbon, Euskal Herri mailako deialdi baten bidez. Egun horretan, manifestazio erraldoi bat izan zen Bizkaiko hiriburuko kaleetan barrena.

Horren ostean, asteburu honetarako ere hainbat mobilizazio deialdi egin zituen Gora palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida lelopean abiatutako dinamikak. Atzo izan ziren manifestazioak: Maulen (Zuberoa) goizean, Iruñean (Nafarroa) eta Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean eguerdian, eta Gasteizen (Araba) eta Bilbon iluntzean.

"Elkartasun olatu hau geldiezina" dela adierazi zuten atzoko manifestazioetan, eta horrek erakusten duela "zabala" dela Euskal Herrian ematen zaien babesa "palestinar erresistentziari, estatu sionistaren desegitearen aldarriari, eta gobernuen nahiz instituzioen kolaborazioaren eta konplizitatearen salaketari".

"Sionismoa, 1897tik, mapatik ezabatu nahian ari da Palestina, eta, berekin, bere herria"

Hala ere, sionisten genozidioak aurrera jarraitzen duela eta "Gazan eta Palestina osoan egoera gero eta gogorragoa eta krudelagoa" dela ohartarazi zuten. "Herri baten sarraskia ari gara ikusten", nabarmendu zuten: "Sionismoa, 1897tik, mapatik ezabatu nahian ari da Palestina, eta, berekin, bere herria". Gazan gaur egun gertatzen ari dena, beraz, "plan horren parte" dela seinalatu zuten; alegia, "gazatarrak Sinaira kanporatzea, gero planarekin jarraitzeko Zisjordanian, eta 48ko lurraldeetan bizi diren palestinarrekin".

"Gaur, mezu bat helarazi nahi dugu: palestinar herriarekiko elkartasuna indartzeko unea da", aldarrikatu zuten atzoko mobilizazioetan. Beharrezkotzat jo zuten tokian toki antolatzea, bai eta "estatuei eta euskal instituzioei presioa egitea" ere, "sionismoarekin harreman mota oro eten dezaten". Bestalde, esan zuten ezinbestekoa dela "sarraskiaren konplize den Espainiako Gobernua berriz inbestitzeko zorian dauden eskuineko zein ezkerreko alderdiak seinalatzea" eta sionismoari esker aberasten ari diren enpresen kontra mobilizatzea.

"Gaur, mezu bat helarazi nahi dugu: palestinar herriarekiko elkartasuna indartzeko unea da"

"Palestina libre izango da, edo ez da izango", azpimarratu zuten gainera, urriaren 28an Bilbon egin bezala: "Gure ustez, irtenbidea Israelgo Estatu sionistaren desagerpenaren bidetik izango da, deskolonizazio prozesu bati lotuta; ibaitik itsasora arteko Palestina aske baten eraikuntza, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera, eta palestinar preso politiko guztien askatasuna ahalbidetuko duena".

Argazkiak: GEDAR eta @Palestinarekin

EZ DAGO IRUZKINIK