AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Itaiak iaz antolatutako jardunaldi nazionala, Hernanin.
2023/06/02 09:00

Azken urteetan, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak urtero jarri du hitzordu handi bat udaren atarian, jardunaldi nazional bat egiteko. Hala izango da oraingoan ere: ekainaren 17rako, larunbaterako, Gernikan (Bizkaia) antolatu dute Euskal Herri mailako jardunaldi bat. Itaiako kideek azaldu dutenez, egun horretan, "egungo testuingurua" ulertzeko hainbat gako aterako dituzte mahaira zenbait hitzaldiren bidez, eta "emakume langileok ditugun erronken eta proposamen politikoen inguruan hausnartzeko elkargune" bat izango da Gernikako jardunaldia.

Ohi bezala, egun osorako egitarau bat prestatu dute. 10:00etan izango da jardunaldiari hasiera emateko ongietorria, eta lau hitzaldi indartsu izango dira gero egunean zehar; hiru goizean eta bat arratsaldean. Bazkaltzeko aukera izango da tartean, eta arratsaldeko saioak amaitzean, 20:00ak aldera, ekitaldi politiko bat egingo du Itaiak.

10:30ean izango dira aurreneko bi hitzaldiak, aldi berean: Emakume langileon proletarizazio prozesuaren nondik norakoak batetik, eta Gobernu politika feministak, bestetik. Lehenean, atzera bueltarik gabeko proletarizazioa joera sozial modura aztertzeaz gain, zehazki emakume langileei nola eragiten dien landuko dute saioan. Bigarrenean, askotariko gobernuek eta erakundeek ezarritako politika feministak aztertuko dituzte, bai eta horien mugak ere.

12:30ean hitzaldi bakarra izango da, eta guztiak bertaratuko dira horretara: Emakume langileok ditugun erronkak eta proposamen politikoak. Eztabaidagai izango dituzte gaur egun emakume langileek heldu beharreko lan, zeregin eta lehentasun politikoak, eta bide horretako erronka nagusiak. Arratsaldean, berriz, mahai-inguru bat izango da bazkariaren ondoren: Matxismoaren aurpegi berriak. Indarkeria matxistak gaur egin dituen adierazpenez, formez, euskarriez eta abar jardungo dute azkeneko saio horretan.

Aurki jakinaraziko dute zehazki zer lekutan izango den hitzaldi bakoitza. Bestalde, dagoeneko iragarri dute zenbait musika emanaldi ere izango direla iluntzeko ekitaldi politikoaren ostean: Eire eta Lumi arituko dira, eta, gero, Nahianovok eta Yakintzak girotuko dute gaua.

Iazko ekainean Hernanin (Gipuzkoa) egin zuen jardunaldi nazionala Itaiak, eta, duela bi urte, Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa).

EZ DAGO IRUZKINIK