Urrats bat emakume langileon gaitasunak antolatzeko bidean

Atzo 700 pertsona inguru bildu ziren Itaiak antolatutako aurreneko jardunaldi nazionaletan. Goizean goiz hasi zen egitaraua Urretxu-Zumarragan, eta besteak beste, "emakume langileon egoera eta borroka ulertzeko proposamen politikoak", "etxeko lanen eta horiek egiten dituzten langileen egoera" nahiz "krisi kapitalista" izan zituzten hizpide egun osoan zehar. Amaierako ekitaldian "emakume langileon interesak defendatuko dituen programa politikoa" garatzera eta borroka prozesuak martxan jartzera deitu zuten Itaiako kideek.
Argazki Nagusia
2021eko ekainaren 13a
Emakumeon Antolakunde Sozialista gisara aurkeztu zenetik, lehenengo ikasturte politikoa izan da honakoa Itaiarentzat. Antolakundearen proposamen politikoa garatzen aritu dira ikasturte honetan, eta Gaitasunak antolatu izeneko jardunaldiak, hain zuzen, "ideia teoriko eta politikoak mahaigaineratzearen bidez errealitatearen analisi kritikoak gauzatu" ahal izateko "baliabideak eskuratzeko" eta "emakume langileon problematika klase ikuspegitik jorratzeko" antolatu dituzte, baita "borrokatzea beharrezko ikusten duenarentzat elkargune izateko asmoz" ere.

Atzo, 09:30erako, ehunka pertsona bertaratu ziren Urretxu-Zumarragara (Gipuzkoa), Itaiaren aurreneko jardunaldietan parte hartzeko prest. Emakume langileon egoera eta borroka ulertzeko proposamen politikoak erreprodukzio soziala ardatz hartuta izan zen aurreneko mahai-ingurua. Bertan, "ikuspuntu marxistatik" emakumeen emantzipazioari dagokionez egin izan diren hainbat proposamen politiko aztertu zituzten Isabel Benitezek eta Tita Barahonak. Baina, batez ere, mende honetan berragertu diren eztabaida batzuen kritika aitzakia modura hartuta, erreprodukzio sozialaren ideian sakondu zuten, kontzeptu analitiko gisara aztertuta alde batetik, eta proposamen teoriko gisara landuta (erreprokzio sozialaren teoria), bestetik.

Jarraian, 12:30ean, jardunaldietako bigarren mahai-inguruari eman zioten hasiera; hain zuzen, Etxeko lanen eta horiek burutzen dituzten langileen egoera gaur egun saioari. Etxeko lanetan soldatapean jarduten duten beharginen lan-baldintzak, baldintza horiek erregulatzen dituen etxeko lanen erregimen berezia, errealitatean horrekin guztiarekin lotura estua duen Atzerritartasun Legea nahiz sektore horretako langileek abiatutako hainbat borroka izan zituzten aztergai, besteak beste. Horretarako, Urretxu-Zumarragan izan ziren sektore horretan lanean eta borrokan ari diren bi emakume, legediari lotutako auziak jopuntuan jarri zituen abokatu bat eta emakume migratuen bizi-baldintzen defentsa ardatz duen EH Feminista Nika eragileko kide bat.

Bazkaltzeko eta lasai egoteko tarte bat izan ondoren, eguneko hirugarren eta azken mahai-ingurua egin zuten 17:00etan: Krisi kapitalista eta emakume langileon interesen defentsarako aukerak. Solasaldi horretan krisi kapitalistaz eta emakume langileon askatasuna helburu duen antolakunde sozialista batek bere gain hartu beharko lituzkeen betebeharrez jardun zuten Euskal Herriko Mugimendu Sozialistako hainbat kideek, besteak beste, Itaiako kideek. Zenbait oinarri estrategiko aurkezteaz gain, horien zehaztapen praktikoak ere izan zituzten hizpide.

Azkenik, 19:00ak aldera, Gaitasunak antolatu jardunaldiei bukaera emateko ekitaldia izan zen. "Antolakuntza komunistaren baitan, emakume langileon interesak defendatuko dituen programa politikoa diseinatzera eta borroka prozesuak abiatzera" dei egin zuten orduan Itaiako kideek, baita, "emantzipazio erreala antolatzeko subjektu politiko bilakatzeko bidean, bitarteko material eta ideologikoak egikaritzera" ere.

Iruzkinak

Ez dago iruzkinik