Alderdian egon daitezkeen desadostasunen aurrean, irmotasunez erantzun dute EAJko liderrek: hainbat deliturengatik atxilotutako pertsonen lurralde-jatorria zehaztu nahi dute publikoki, Voxek iaz eskaera hori egin ostean, eta horretara bultzatu dituzte agintari jeltzaleak. Donostiako Udalak berriki jakinarazi du ildo horrekin bat egingo duela, atxilotu batzuk nongoak diren jakinaraziko duelako bertako udaltzaingoak, baina momentuz ez du halakorik egingo Bilboko Udalak. Horren aurrean, EAJko buru Aitor Estebanen kritika jaso du jada Juan Mari Aburto Bilboko alkateak: "Ez dut bat egiten, inondik inora ere".
Cadena Ser-en egin ditu adierazpenok Estebanek, EAJ hiriburuetan erakusten ari den jarrera desberdinari buruz galdetu dionean kazetariak. Berak gidatutako alderdiaren jarrera argitu nahi izan du jeltzaleak: "EAJk baietz dio"; alegia, baietz zenbait deliturengatik atxilotutako pertsonen jatorria jakinarazteari (ez dute zehaztu zein kasutan bai eta zein kasutan ez), eta baietz pertsona etorkinen aurkako diskurtsoa indartzeko bazka jartzeari.
Gasteizko Udalean ere EAJko buruen jarraibideekin bat etorri dira alderdikideak, PPrekin batera eskatu baitiote udal-gobernuari (PSOE) atxilotuen jatorria argitaratzeko. Oraingoz, ordea, ezetz erabaki du udalak. Bingen Zupiriak aitortu du gaiak "desadostasunak" sortu dituela EAJ barruan, Berria-k azaldu duenez, baina erabakiari eutsiko diotela jakinarazi du Segurtasun sailburuak.
Segurtasun Sailaren menpeko Ertzaintzak iazko urritik azaltzen du zein lurralde-jatorritakoak diren hainbat atxilotu, eta horri lotuta EAJko lider nagusiak eta hainbat hiriburutako agintariak egiten ari diren adierazpenek baieztatzen dute alderdiaren biraketa erreakzionarioa, Leyre Irure Sierrak GEDAR LANGILE KAZETAn plazaratutako erreportaje honek ongi azaltzen duen modura.