AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Naiz
2025/02/19 08:30

Athleticeko zaleek jasaten duten errepresioari emandako erantzunek, besteren artean Herri Norte Taldeak (HNT) aurreko urtearen amaieran egindako salaketak eta Iñigo Cabacas Herri Harmailak (ICHH) berriki egindako animazio-grebak, berriz utzi dituzte agerian Bilboko (Bizkaia) San Mamesen bueltan dauden gatazkak, eztabaidak eta tentsioa. ICHHren grebari eta hura bultzatu zuten aldarriei aurre eginez, klubak ohar bat argitaratu zuen atzo, berak eta "Herri Harmailak" (une batean ere ez dio Iñigo Cabacas Herri Harmaila gisa egiten erreferentzia) "bete" beharko lituzketen "oinarrizko printzipioak eta konpromisoak" finkatuz.

Klubeko presidente Jon Uriartek aurreko astean egin zuen prentsaurreko bat, eta orduan aurreratu zuen betebeharrei buruzko agiri bat zehaztuko zutela. Itxura denez, dokumentua argitaratu ostean bilduko da kluba ICHH, Piratak eta Euskal Lions taldeetako ordezkariekin. "Funtzionamendu egoki" bati begirakoa omen da arautegia, eta helburu bat du Uriarteren hitzetan: harmailak "partida guztietan anima dezala eta errespetuz egin dezala".

Zer dio arautegi berriak?

"Errespetuari" erreferentzia egitean, baina, ulerkera oso zehatz bat du klubak, eta aurrekari arriskutsuak ezartzen ditu araudi berriak. Lehenik eta behin, hiru "oinarrizko printzipio" jasotzen ditu idatziak: "animaziozko herri harmaila (Herri Harmaila) Athletic Clubena da", "Athletic Clubek San Mamesen jokatzen dituen partida guztietan animatu behar du", eta "errespetua animazioaren funtsezko printzipioa da".

Klubari dagokionez, idatzian hainbat konpromiso egozten dizkio bere buruari, mehatxu-tonu batekin zenbait kasutan: "urteko kuotak eta abonuak prezio murriztuan ezartzea"; "harmaila gaztea izateko neurriak sustatzea"; "harmailaren parte izanik animatzen ez duten edo animatu nahi ez duten bazkideentzako eserlekuak trukatzeko aukerak garatzea"; zaleei "indarrean dagoen araudiaren arabera izan behar dituzten betebeharrak, jokabideak eta portaerak jakinarazten jarraitzea"; eta "aplikatu beharreko araudia eta erregelamenduak urratzen dituzten egintzen erantzuleak identifikatzea, egindako arau-hausteak jakinaraztea eta, hala badagokio, Klubaren Erregelamenduekin eta Estatutuekin bat etorriz jardutea".

Klubak eta Ertzaintzak muturra gehiago sartuko dute harmailan

Horrekin guztiarekin batera, neurri zeharo autoritario bat hartuko du klubak: berak aukeratuko ditu "Herri Harmailan animazioa koordinatzeaz eta dinamizatzeaz arduratuko diren pertsonak". Hautaketa hori "kirolean indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziarekin zerikusia duten arau-hausteengatik zehapen-espedienterik ireki ez zaien pertsonen artean" egingo omen du, "Ertzaintzako Segurtasun Koordinatzaileari kontsulta egin ondoren".

Gainera, erabateko zentsura ezarriko du klubak, berak erabakiko baitu zeintzuk izango diren animazioa egiteko elementuak: "animazio-lanerako bitartekoak eta tresnak" emango dizkie "aukeratutako pertsonei". Eta, horretaz gain, harmaila lotzeko "elkarrizketa-mahai" bat sortu nahi du Athleticek: parte hartuko lukete klubak berak, segurtasun-indar polizialen arduradunek eta "animazioa koordinatzeko eta dinamizatzeko aukeratutako pertsonek".

Klubaren inposaketak harmailari

Klubak bere buruari emandako eskubideez gain, hainbat exijentzia lauso egiten dizkio harmailari: "animazioko herri harmailaren izateko arrazoiaren arabera animatzea"; "animazioa oztopatzen edo zailtzen duen edozein adierazpen/egintza ez gidatzea eta/edo babestea"; "aplikatu beharreko araudia errespetatzea eta betetzea" eta "klubaren eta bere bazkideen interesei kalte egiten dien egintza zehagarririk ez egitea"; eta "araudia hausten duten pertsonak identifikatzeko lana ez oztopatzea".

Aurreikusitako zigorrak

Eta, hori guztia gutxi balitz, zigor batzuk ere aurreikusten dituzte arautegia betetzen ez dutenentzat. Klubak, konpromisoak errespetatzen ez baditu, ondoko "zigorra" jasoko luke: "Bazkide Konpromisarioen Ohiko Batzar Nagusian kontuak ematea". Harmailari dagokionez, ez da erabat zehazten zigorra, esaten baita "egindako ez-betetzearen arabera, kasu bakoitzean dagokion araudian ezarritako ondorioak aplikatuko" direla. Harmailako arduradunen kasuan, honakoak izango lirateke zigorrak: "bere eginkizunak betetzeari uztea"; "animazioa koordinatzeko eta dinamizatzeko hautatutako pertsonak izateagatik emandako abantailak galtzea"; "bazkide izanez gero, [..] zelaiko beste eserleku batzuetara lekualdatzea"; eta "Herri Harmailatik kanporatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK