AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/07/14 17:50

Aurreko asteko dinamikarekin jarraituz, aste honetarako ere mobilizazioak eta grebak deitu dituzte Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesako langileek. Enpresako langile batzordeak adierazi duenez, uztailaren 16an bilduko da enpresako zuzendaritzarekin, eta beharginek greba egingo dute egun osoan zehar. Egun horretarako elkarretaratzera deitu dute Sarrigurenen, 19:30ean. Bestalde, grebara deitu dute uztailaren 23rako eta 29rako eta abuztuaren 6rako eta 7rako ere. Gaineratu dute sinadura bilketak egingo dituztela aste osoan zehar.


Joan den uztailaren 1ean jakinarazi zuten Agoizko lantegia itxi eta behargin guztiak kaleratzeko prozedura abiatuko zutela. Bertan, 239 langile daude soldatapean lanean, eta enpresaren erabakiaren aurkako borroka abiatu zuten aurreko astean, lanpostu guztiei eustea lortzeko. Hala, asteburuan Iruñeko (Nafarroa) manifestazioan jaso zuten babesa eskertu du fabrikako langile batzordeak.


Siemens Gamesaren arabera, Agoizko lantegiaren "kostu handia" eta "kokapen geografikoa" dira itxieraren arrazoiak. Porturik hurbilena 200 kilometrora dagoela eta, beraz, "esportazioan lehiakorra ez dela" dio. Langileek, aldiz, "ekoizpen gaitasuna" duen lantegia dela argudiatu dute behin eta berriz, eta "eragile politiko guztien inplikazioa" galdegin dute.