Agoizko Siemens Gamesa ez ixteko eskatu dute ehunka pertsonak Iruñean

Haien lanpostuen defentsan, "indar guztiekin" borrokatuko direla esan dute Agoizko Siemens Gamesako beharginek. Aurreko asteazkenean ekin zioten grebari.
Argazki Nagusia
Argazkia: @IAizkorbe
2020ko uztailaren 13a

Aurreko larunbatean, uztailak 11, ehunka lagun bildu ziren Iruñean (Nafarroa), Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesa fabrika ez dezatela itxi eskatzeko. Agoizko Siemens Gamesa ez itxi lelopean, 18:00etan geltoki zaharretik abiatu zen mobilizazioa. Nafarroako Gobernuaren egoitzan, Nafarroako Jauregia, amaitu zen ibilbidea.

Langile batzordeak adierazi zuen "diru publiko asko jaso duen enpresa" dela Siemens Gamesa eta, hortaz, Nafarroako Gobernuak "esku hartu" beharko lukeela Agoizko lantegiaren "itxiera eragozteko". Bestalde, beharginek ozen esan zuten "indar guztiekin" borrokatuko direla "enpresaren erabakia baliogabetzeko".

239 langile kalera

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak hilabetearen hasieran jakinarazi zuen Siemens Gamesak martxan jarriko zuela Agoizko fabrika ixteko eta langileak kaleratzeko prozedura. Bertan 239 beharginek egiten dute soldatapean lan, eta mobilizazioei eta grebei ekin zieten haien lanpostuen defentsan. Aurreko asteazkenean, uztailak 8, greba hasi zuten.