Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Emen boluntario-taldeak duela zazpi hilabete salatu zuten lehen aldiz ehunka asilo-eskatzaileren egoera. Malitik ihes egin behar izan duten pertsonak dira batik bat, eta kale gorrian bizi beste alternatibarik ez dute topatu euren asilo-eskaerak tramitatu bitartean. Prozesu burokratiko hori, baina, amaigabea izaten ari da, eta egoerak okerrera besterik ez du egin: erdira murriztu dituzte eskaerak tramitatzeko hitzordu administratiboak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak atzo salatu zuenez.
Aurrerantzean, 60 beharrean, 30 hitzordu baino ez dituzte ezarriko asteko, eta telematikoak izango dira aurrez aurrekoak izan ordez. "Hitzorduetara sartzeko bidea astean behin bakarrik argitaratzen dituen web-orri baten bidez da", zehaztu du sindikatuak: "Errealitatea da web-gunea guztiz gainezka dagoela; azken bi asteetan inork ez du lortu bide horretatik hitzordurik eskuratzea. Praktikan, astean banatzen diren hitzorduak 60 izatetik 0 izatera igaro dira".
Asilo-eskubideen aurkako erasoa
Salburuan bizi dira maliar horietako asko, eta gerrak eta pobreziak behartuta utzi behar izan zuten euren herrialdea, sindikatuak gogorarazi duenez. "Hilabete hauetan, asilo-izapiderako hitzorduak esleitzeko modua etengabe aldatu da, irizpide opako eta erabat arbitrarioekin", jakinarazi du. Azken aldaketekin, asilo-eskaeraren prozedura hasteko hitzorduak erdira murriztuta, dena atzeratu dute: "Lehen hitzordu hori funtsezkoa da, nazioarteko babes-eskatzailetzat hartuak izateko ezinbesteko baldintza baita, eta, ondorioz, Errefuxiatuen Harrera Programarako sarbide beharrezkoa delako".
"Nola da posible izapide burokratiko batzuek segundo batzuk besterik ez behar izatea, eta, aldiz, dozenaka pertsona hilabetez kalean egotea, euren oinarrizko eskubideen baldintza den prozesua hasi ere egin ezinik?", salatu dute sindikatutik. "Asilo-eskubidearen aurkako enegarren erasotzat" jo dute honakoa, ohartaraziz eskubide hori "beharrezko baldintza" bat dela "pertsona horiek haien bizitza garatu ahal izateko" eta "oinarrizko eskubide zibil eta politikoak bermatzeko". "Asilo-eskubidea ez dute bermatuta eta, gaur-gaurkoz, hainbat urtez luzatzen den labirinto burokratikoan murgilduta daude".
"Horrelako kontraesanak egunerokoak dira sistema kapitalistan", seinalatu du sindikatuak. Kale gorrian dauden asilo-eskatzaileen egoera salatzean, "egiturazko kausak" seinalatu ditu etengabe azken hileetan: "Gasteizen gertatzen ari dena ez da egoera kasuala edo unean unekoa, baizik eta Mendebaldeko oligarkiek munduaren beste erdiaren gainean ezarritako ustiapen kapitalistaren eta dominazio inperialistaren urteetako ondorioa".
Elkartasun-sareak martxan: asanblada ostiralero
"Instituzioen utzikeriaren aurrean", sindikatuak eta hamaika boluntariok elkartasun-sareak antolatu dituzte Gasteizen azken hilabeteetan, kale-egoeran dauden pertsona horien oinarrizko beharrak asetzeko: janaria, arropa, higienea, medikamentuak, lo egiteko tokia... "Hori guztia antolatutako elkartasunari eta egindako presioari esker lortu da". Pauso bat gehiago eman dute orain, eta elkartasun-asanblada bat abiatu dute.
Aipatutako lanaz gain, asanblada hori astero-astero aritzen da asilo-eskatzaileei hitzorduak lortzeko laguntza ematen; asteartero eta larunbatero. Bestalde, hizkuntza-arazoei aurre egiten laguntzeko klaseak ematen dituzte boluntarioek, ostegunero. Ostiralero biltzen da elkartasun-asanblada, 18:00etan, Venezuela kaleko 10. zenbakiko bulegoan.
"Elkartasun honek, asistentzialismo hutsetik harago, migratzaileak deshumanizatu eta kriminalizatu nahi dituztenei aurre egiteko balio behar digu. Garrantzitsua da elkartasun eta konpromiso adibideak sortzea, erreakzioari ateak ixteko", gaineratu dute sindikatutik: "Gasteizen elkartasun eta duintasunaren adibide hau eraikitzen ari gara, ahal dugun guztian laguntzeko prest gauden pertsonen artean. Baina, horrez gain, etengabe seinalatzen dugu zergatik gertatzen den hau eta nor den arduraduna".