AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/28 09:19

Hilabete honetan hiru pertsona atxilotu dituzte Gasteizen (Araba), talde kriminal batekin lotuta: iruzur egiten zuten etxebizitzen alokairuarekin, kontraturik gabe azpialokatzen zituzten gelak eta erroldak faltsutzen zituzten, besteak beste. Sare horren parte ziren hiru pertsona atxilotu dituzte berriki, eta, ordutik, okerrera egin du euren iruzurrak jasan dituzten hainbat bizilagunen egoerak. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, zehazki, Prado kaleko 4. atarian bizi diren lagunen egoeraren berri eman du.

"Kontraturik edo erroldarik gabe jarraitzen dute, etxegabetze mehatxupean, etxeetan pilatuta eta inolako etxebizitza-alternatibarik gabe", azaldu zuten atzo Etxebizitza Sindikatuko kideek, agerraldi baten bidez. Aurreko astean, gainera, "ezkutuko argi mozketa" bat izan zen: kontratatutako tentsioa murriztu du etxe horien azpierrentatzaileak.

Etxejabeak, errentatzaileak nahiz erakundeak arduradun

"Egoera horren arduradunak seinalatu" ditu Etxebizitza Sindikatuak. Jopuntuan jarri ditu, batetik, "etxejabeak eta errentatzaileak": "Pertsona askoren egoera zaurgarria baliatzen dute irabaziak ateratzeko, bide estralegal zein ilegalak erabiliz; hau da, mehatxuen eta derrigortzeen bitartez, gela bakar batean pertsonak pilatuz, alokairuen baldintzak modu aldebakarrekoan aldatuz, espazioen pribatutasuna urratuz, hornidurak moztuz, eta abar".

"Instituzio burgesen ardurari" ere egin diote azpimarra sindikatuko kideek, bestalde. Zehazki, Gasteizko Udalari egin diote erreferentzia. "Errolda eskuratzeko udalak berak jartzen dituen zailtasunengatik, hainbat dira etxejabeen iruzur eta abusuen menpe bizi behar direnak", jakinarazi dutenez. Gainera, salatu dute, "sare kriminalaren biktimak babestu beharrean, lehen baino babesgabeago utzi" dituela udalak: "Etxebizitza-alternatibarik ez eskaintzeaz gain, etorkizuneko abusuak eteten ere ez da saiatu".

Aldarriak eta mobilizazioa

Etxebizitza Sindikatuarekin batera, borrokara jo dute Pradoko 4. zenbakiko bizilagunek, eta hiru aldarri egin dituzte: "Maizterren kontrako etxegabetze prozesu oro etetea modu automatiko eta baldintza gabekoan, murriztutako horniduren berrezarpen berehalakoa eta errolda kaltetutako pertsonentzat".

Mobilizazio deialdi bat ere egin dute ostiral honetarako, martxoaren 31rako. Pradoko 4. zenbakiko etxebizitza blokearen aurrean izango da protesta, 19:00etan hasita. "Etxejabeen inpunitatea" salatuko dute elkarretaratzean, baita "instituzioen rol konplizea" ere.

EZ DAGO IRUZKINIK