Baztango zazpi pertsona epaitzen ari dira Nafarroako Justizia Auzitegian, 2021ean, Aroztegiko makroproiektu txikitzailearen aurka protesta egiteagatik. Astelehenean hasi zen epaiketa, eta bihar izango da bosgarren eta azken saioa. Aurreko egunetan fiskaltzak eta akusazio partikularrak (proiektua gauzatu nahi zuen Palacio de Arozteguia SM enpresa) hitza hartu ostean, akusatuen txanda izan da gaur, eta agerian utzi dute zer nolako hutsuneak dituen aurreko egunetan fiskaltzak eta akusazioak eraikitako kontakizunak. "Argi gelditu da errelato faltsu bat osatu nahi izan dutela lau egun hauetan", laburbildu du Aroztegiko Elkartasun Komiteak sare sozialetan.
Izan ere, zazpi auzipetuak "talde kriminal" baten parte zirela eta Aroztegiko proiektuaren aurka indarkeria erabili zutela defendatu nahi izan dute epaiketan fiskaltzak eta akusazioak. Horretarako, Arozteguia SM enpresako sustatzaileen eta obretako zenbait arduradunen lekukotzak erabili dituzte nagusiki. "Talde kriminal antolatu" bat zirelako kontakizuna indartzeko, auzipetuetako batek, Garbiñe Elizegik, gainerakoei aginduak ematen zizkiela gaineratu dute prozesuan zehar.
Hala ere, polizia-indarrek beraiek egindako deklarazioek zalantzan jarri zuten hori asteartean eta asteazkenean: epaiketan hitz egin zuten guardia zibilek eta foruzainek esan zuten makroproiektuaren aurkako mobilizazioak "baketsuak" izan zirela. Gaurko saioan, auzipetuek berriz adierazi dute "desobedientzia zibil baketsua" egin zutela protestetan, besteren artean, Palacio de Arozteguia SM enpresak bidalitako hondeamakinen aurrean geldirik geratuz; eta ez zutela "inoren agindurik" bete protesta egitean.
Bihar ere, 09:00etarako epaitegi aitzinean
Astelehenetik hona egunero egin duten modura, bihar, goizeko 07:30ak igarota abiatuko dira auto-karabanan Elizondotik (Nafarroa) Iruñera (Nafarroa), epaiketaren azken egunerako. 09:00ak alderako elkarretaratuko dira epaitegi aurrean. Biharko auzi-saioan, azken ondorioak aurkeztuko dituzte alde guztiek, eta behin judizioa amaitutzat ematean, adierazpenak egingo dituzte auzipetuek.