AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/11/26 19:11

Gora doaz joko-aretoen eta apustu etxeen aurkako borrokak gurean. Arrasaten (Gipuzkoa) ere, lur hartu du auziaren inguruko lanketak. Hainbat kidek GEDAR LANGILE KAZETAri jakinarazi diotenez, auziaren inguruko "hausnarketa kolektiboan" murgildu berri dira, areto eta joko horiek "gazteengan eta langile auzoetan" duten eragin "bortitzak" kezkatuta: "Uneoro jopuntuan daude bi kolektibo horiek". 

Hala, hausnarketei heltzeaz gain, "antolatzeko beharra sumatu" dutela diote, eta hala, aurrerantzean "apustu etxeen aurkako herri plataforma eratzea" dute xede. Datorren larunbaterako, hilak 30, hitzordua jarri dute Arrasateko Gaztetxean. 10:00etan hasita, aurreneko bilera irekia egingo dute, auziaren inguruan aritzeko eta aurrera begirako pausoak pentsatzen hasteko. "Kapitalismo ilunena geldiarazteko, herritarrok bidea argitu dezagun", gehitu dute.

Argi izpiak hainbat bazterretan

Arrasaten ez ezik, Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere piztu dituzte apustu etxeen edota joko-aretoen aurkako borrokak. Besteak beste, joan den astean, "apustu etxeen auziari modu bateratuan aurre egiteko" bildu ziren Iruñerriko (Nafarroa) zenbait eragile; eta hilabete hasieran, Osasunako zaletuen Indar Gorri taldeak apustu etxeen aurkako dinamika baten berri eman zuen. Gure koloreetan apustu etxerik ez, antolakuntzaren alde apustu egin izenpean jarri dute martxan borroka hori.

EZ DAGO IRUZKINIK