Apustu etxeen aurkako borroka abiatu du Indar Gorrik

Indar Gorrik borrokaldi berria jarri du martxan, Osasuna taldeak apustu etxeen iragarkiak kentzea helburu duena. "Langile klasearen miseria handitzen duten" enpresak direla eta, haien aurka agertu dira Indar Gorriko kideak, sare sozialetan zein klubaren batzar orokorrean. Hurrengo egunetarako mobilizazioak eta hitzaldiak iragarri dituzte.
Argazki Nagusia
Argazkia: Indar Gorri
2019ko azaroaren 05a

Osasunako zaletuen Indar Gorri taldeak apustu etxeen aurkako borroka abiatu zuen pasa den astean. Sare sozialetan zabaldutako kartel eta bideoen bidez hasi zuten kanpaina, Gure koloreetan apustu etxerik ez lemapean. Hurrengo egunetarako mobilizazioak zein hitzaldiak iragarri dituzte.

Argitaratutako bideoan adierazi dutenez, besteak beste, "azken sei urteetan lau aldiz areagotu da jokuarekiko mendekotasuna duten gazteen kopurua". Indar Gorriko kideen arabera, fenomeno hori ez da "indibiduala eta isolatua", "desjabetuon antolakuntza oztopatzea" helburu duen estrategia baten parte baizik.

Bestalde, "langile klasearen ondarea den futbolaren merkantilizazioa" salatu dute, eta horren aurrean, "apustu etxeen aurkako borrokan aritzea" dagokiela nabarmendu. Aurretik ere adierazi izan duten bezala, "sistema kapitalistaren miseriara kondenatu nahi gaituztenen aurrean, antolakuntzaren alde apustu" egiten dutela azpimarratu dute Indar Gorrikoek. Beraz, martxan jarritako borrokaren helburu modura kokatu dute Osasunak apustu etxeen iragarkiak kentzea.

Kirol taldearen eta apustu etxearen arteko tratuak

2018. urteko apirilean adostu zuten Osasunaren zuzendaritzak eta Kirolbet apustu etxeak, azken hau klubaren babesle ofiziala izatea hurrengo hiru denboraldietan. Ordutik, Osasunako kirolariek enpresa horren logoa daramate kamisetetan.

Pasa den urriaren 27an izan zen klubaren batzar orokorra, eta bertan, Indar Gorriko kideek apustu etxeen propagandaren aurkako jarrera adierazi zuten. Zaleen artean sortu diren kexak direla-eta, Osasunako lehendakari Luis Sabalzak prestutasuna adierazi du Kirolbetekin hitz egiteko, kontratua bertan behera uzteari buruz.