Datorren apirilaren 23an izango da Igorreko (Bizkaia) Kiñu Gaztetxearen kontrako epaiketa, Durangon (Bizkaia). Bertako kideek ohartarazi dutenez, epaiketa horretan erabakiko da zer gertatuko den Kiñurekin, desalojo arriskuan baitago: Sabadell banketxea da eraikinaren jabe legala, eta 2020an ekin zion Gaztetxearen aurkako desalojo-prozesuari. Ordutik, Gaztetxea defendatzeko borrokan jardun dute hango kideek.
2022an egin zieten lehenengo epaiketa, baina 2023an berriz jarri zuten martxan Kiñu husteko prozesua, eta horren emaitza da apiril honetako epaiketa. Egoera ikusita, Gaztetxeko kideek manifestazio bat egingo dute otsailaren 21ean, Igorren bertan. Aurrerago emango dute hitzordu zehatzaren berri. "Amaierara arte dena emango dugu eta zu ere gure ondoan egotea behar dugu", azaldu dute.
Gogoan izan dute, dena den, Kiñun jasaten ari direna ezin dela "kasu isolatutzat hartu". "Gune okupatuak zein autogestionatuak etengabeko itotze-prozesuetan bizi gara eta horren adibide argiak dira Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxea, Durangoko (Bizkaia) Kaletik Gaztetxera mugimendua, Portugaleteko (Bizkaia) Sastraka Gaztetxea edo Sestaoko (Bizkaia) Txirbilenea espazioa", zehaztu dute: "Botere ekonomikoarentzako eta politikoarentzako oztopo handia gara eta euren arma errepresibo eta juridiko guztiak baliatuko dituzte gu desagertzen saiatzeko".
Kiñuko kideek aldarrikatu dute, ordea, ez direla "belauniko geldituko": "Gune okupatuenganako eta autogestionatuenganako erasoak handitzen diren modura, gu ere ari gara saretzen eta gure amorrua zein elkartasuna antolatzen".