Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak dei egin du apirilaren 23an etxegabetze bat gelditzera. Izan ere, egun horretan saiatuko dira familia bat bere etxetik botatzen, Alde Zaharreko Correrias kaleko 66. zenbakian. Goizerako dago finkatuta desalojoa, eta sindikatuak 10:30erako bertaratzera deitu du jendea, etxe-kaleratzeari aurre egiteko.
Martxoaren bukaeran jakinarazi zuten Gasteizko Udalak, PSOE gobernuan dela, hiru familia etxegabetu nahi dituela Alde Zaharrean, adin txikiko hainbat pertsona tartean. Azaldu zuen, gainera, udalak "bere eskura dauden baliabide guztiak" erabili dituela familia horien etxegabetzeak azkartzeko, "epaitegietan eta gizarte-zerbitzuetan presioa eginez, besteak beste".
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gogorarazi duenez, urtebete igaro da udalak iragarri zuenetik Alde Zaharrean etxebizitza sozial berri batzuk eskainiko zituela, baina, aldi berean, etxegabetze ugari jarri ditu martxan auzoan. Izan ere, duela urtebete sinatu zuten akordio bat Eusko Jaurlaritzarekin, eta konpromisoa hartu zuen Alde Zaharrean Jaurlaritzaren jabetzako hamabost etxebizitza berritzeko, gero alokairu sozialean eskaintzeko. Baina, sindikatuak salatu duen modura, etxebizitza sozial horiek eskaini ahal izateko, bizitoki batzuk husten eta gaur egun horietan bizi den jendea kale gorrian uzten ari da udala. Hori da, hain zuzen ere, orain arriskuan dauden hiru familien egoera: euren etxeetatik bota nahi ditu udalak, gero, horiexek "etxebizitza sozial" bezala eskaintzeko.
"Jokaldi bikaina", laburbildu du sindikatuak udalaren interbentzioari dagokionez: "Batetik okupazioaren kontrako ofentsiban sakondu, eta, bestetik, etxebizitza soziala iragartzearen eskutik aurpegi garbiketa egin". Udalaren "hipokrisia" salatzeaz gain, ohartarazi du "enpresarien eta politikarien eskutik ez dela irtenbiderik etorriko".