Atzo, martxoaren 25ean, ikasle mugimenduak amaiera eman zien tokian tokiko Herri Unibertsitateei. Orotara, bost tokitan izan da jakintza kritikoaren sustapenerako aukera: Bilbon (Bizkaia), Leioan (Bizkaia), Gasteizen (Araba), Eibarren (Gipuzkoa) eta Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa).
Hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak eta kultur eskaintza zabala izan dute campus bakoitzean. Lekuan lekuko eduki zehatzaz gain, zenbait gai komun landu dituzte Herri Unibertsitate guztietan; hala nola, langile mugimenduaren historia, sindikalgintza, genero auzia edota kulturaren inguruko eztabaidak.
Langile mugimendua
Langile mugimenduaren historiari dagokionez, historialari batek Kartel gorriak: etorkinak erresistentzia frantsesean II. Mundu Gerran hitzaldia eman zuen Bilbon, Jon Kortazar 1919 eta 1921 artean garatu ziren langile kontseiluen esperientziez aritu zen Leioan, eta historiako ikasle ohi batek, aldiz, Parisko Komunaren inguruko solasaldia eskaini zuen Gasteizen.
Sindikalgintza hezkuntzan
Hezkuntza arloko sindikalgintzari lotuta, Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) Eibarren eta Gasteizen hitzaldi bana eman zuen. Baina izan da bestelako gonbidaturik ere, saretzearen garrantziaren inguruko mahai-ingurua osatu baitzuten Ikasle Autodefentsa Sareak (IKAS), UIBk eta hainbat Langile Autodefentsa Sarek Ibaetan.
Genero auzia
Bilbon, Leioan eta Ibaetan izan dira Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistako kideak; Subjektu feministaz hausnartzen, Emakume langileen egoera pandemian eta Emakume langileen zapalkuntzari aurre egiteko kultura politikoaz gogoetan saioak eskaini dituzte, hurrenez hurren. GUETek, bestalde, harremanen inguruko hausnarketa bat mahaigaineratu du Gasteizen.
Kultura
Sormen artistikoa ere landu dute aurtengo Herri Unibertsitateetan. Tokian tokiko musika emanaldiez gain, arte ekoizpenaz, musikaz eta politikaz eztabaidatu baitute Eibarren, Bilbon nahiz Ibaetan.