AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Etxegabetze bat iazko irailean, Gasteizen.
2024/05/27 22:18

Etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat Gasteizko (Araba) Salburua auzoan, bertako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabide sozietate publikoak kudeatzen du etxea, eta hark jarri du martxan une honetan bertan bizi diren pertsonak kanporatzeko prozedura.

Pertsona batek iruzur eginda sartu zen pisu horretan gaur egun etxegabetua izateko arriskuan dagoen familia. Facebook sare sozialaren bidez aritu ziren bizitzeko etxe baten bila, eta modu horretan jarri ziren harremanetan gerora iruzur egin zien norbanakoarekin.

Hark eskaini zion familiari etxe batean alokairuan sartzea, duela hiru hilabete inguru. Hilean 700 euroko alokairu bat eskatu zuen, eta 1.300 euroko fidantza bat. Beraz, denera, 2.000 euro ordaindu behar izan zituzten maizterrek pisuan sartzean. Diru hori guztia ordaintzean, etxeko giltzak eman zizkien iruzurtiak, baina inolako kontraturik egin gabe: hurrengo egunean kontratu bat sinatuko zutela esan zien. Hori, baina, ez da inoiz gertatu.

Ustez ordaindutako pisura sartu zen familia orduan, eta hurrengo egunean pertsona horri hots egin zioten, kontratua sinatu ahal izateko. Hark ez zuen erantzun, ordea, eta ez dute bere berri izan ordutik.

Alokabideren demanda

Aurrerago, Alokabideren demanda bat jaso zuten etxean maizterrek, eta hala jakin zuten kaleratuak izateko arriskuan daudela. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jarri ziren orduan, eta gizarte-zerbitzuengana jotzean, esan zieten pisutik bota nahi dituela Alokabidek, euren "zaurgarritasuna" frogatzeko txostenik aurkeztu ez dutela argudiatuta. Etxe-kaleratzeak, gainera, badu data jadanik: datorren ekainaren 3a, hurrengo astelehena.

Familia eta sindikatua lanean ari dira orain, etxegabetzea atzera botatzen saiatzeko. Mobilizatzeko deia egin dute datorren astelehenerako: etxe-kaleratzearen kontra, 10:00etan Bulevar de Salburua 64 kalera bertaratzera deitu dute.

Beste familia bat arriskuan

Hilabete honen hasieran, Alokabidek etxegabetu nahi duen beste familia baten berri eman zuen Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Ibaiondoko etxe batetik bota nahi ditu maizterrak Jaurlaritzaren sozietate publikoak, tartean, lau adingabe. Egindako borrokari esker, dena den, oraingoz kaleratzea hiru hilabetez luzatzea lortu du sindikatuak.

EZ DAGO IRUZKINIK