Arrisku handieneko eremuan sartu da Global Sumud Flotilla, aurrez, beste ontzidi batzuei eraso dieten eremuan. Horregatik, alerta gorena mantentzea eta gertakariak jarraitzen eta erantzunak prestatzen segitzea eskatu dute. Israelgo Estatuaren mehatxuek indarrean jarraitzen dute, "arrisku handiko eremuan" sartu baino lehenagotik.
Urriaren 1eko goizaldean, indar sionisten ontziak euren posizioetara hurbiltzen ari zirela jakinarazi dute Global Sumud Flotillako tripulatzaileek; "arrisku handiko gunetik" gertu hain zuzen ere, Gazatik 120 itsas-miliara. GMTko 03:25ean, aktibistek publikoki ohartarazi dute itsasontzi militar batzuk ontzi nagusiengana zihoazela, eta segurtasun-protokoloak aktibatu dituztela berehalako abordatze-arriskuaren aurrean. Tripulazio gehiena salbamendu-txaleko eta guzti egon da estalkien gainean, komunikazioetan interferentziak izaten ari zirela salatzen zuten bitartean.
Tentsioa areagotzen ari zen bi txalupa txiki Alma ontziaren ondoan jarri direnean, eta horrek alerta handiko uneak eragin ditu. Minutu batzuk geroago urrundu dira ontziak aldi baterako, baina arrisku-egoerak bere horretan jarraitu du drone militarren hegaldiaren eta hedabide sionisten kontzentrazio handiaren ondorioz. Kan Israelgo Estatuko irrati publikoak baieztatu duenez, okupazio-armada sionista espedizioko 40 itsasontzi baino gehiago geldiarazteko eta ekintzaileak Asdudeko portura (Palestina okupatua) eramateko prestatzen ari da, tripulatzaileak atxilotu eta deportatu ditzaten.
Tripulazioek salatu dutenez, nazioarteko fokua zonalde horretan zegoen bitartean, intrusioak, komunikazio-akatsak eta presioak jasan dituzte, "bazterketa-eremua ez gurutzatzeko". Israelen mehatxu zuzenak eta nazioarteko gobernuen pasibotasuna gorabehera, ontzidiak Gazara iristeko konpromisoari eusten dio, 500 ekintzaile baino gehiagorekin eta laguntza humanitarioarekin.
Bien bitartean, Espainiako Estatuko Furor fragatak eta Europako beste agintari batzuek hitzemandako ontziek ez dute Global Sumud Flotilla harrapatu; eta, beraz, berandu irits daitezke ziurtatu zuten "babesa bermatzeko". Izan ere, indar sionistek abordatzeko mehatxua etengabea da, eta eraso egiteko aukera argi eta garbi planteatu dute agintari "israeldarrek".
Azken orduetan, ontzidiak nazioarteko zaintza eta babesa martxan jartzeko urgentziazko deia egin du, eta gogorarazi du nazioarteko uretan nabigatzen ari direla eta haien aurkako atxiloketak edo erasoak legezko estaldurarik gabeko ekintzak izango liratekeela. Badirudi horrek ez diola axola handirik Israelgo Estatuari, zeinak zazpi hamarkada daramatzan palestinar herria inpunitate osoz sarraskitzen.
Mundu osoko erakundeak eta mugimenduak presioa egiten ari dira, haien gobernuek Global Sumud Flotillan doazen pertsonen segurtasuna berma dezaten. Egoera tentsio handikoa da, tripulazioa alerta egoeran baitago une oro; ontzidiak, baina, Gazako blokeoa hausteko, korridore humanitario bat irekitzeko eta gobernuen pasibotasuna salatzeko misioari eusten dio, berme falta eta etengabeko kontrol militarra salatuz.