AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / AHT Gelditu!
2025/01/27 14:28

Nafarroako AHT Gelditu! plataformak aurreko ostiralean egin zuen agerraldi bat Iruñean (Nafarroa), hainbat eragileren babesarekin: Iruñerriko Kontseilu Sozialista, Laneko Autodefentsa Sarea (LAS), Martes al Sol, SOS Arrazakeria, Haritu Elkarlaguntza Sarea, hainbat sindikatu eta abar. Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko obran ari diren hainbat beharginen testigantza jaso dute, zehazki, Tafallako (Nafarroa) Monte Plano tunelean aritzen diren batzuena. Lekukotzak agerian utzi du obra horretan jarduten duten langileei ezartzen dieten esklabotza-erregimena: lan-baldintza negargarriak eta era guztietako abusuak jasan behar dituzte. Eta nabarmendu dute egoera hori ez dela Nafarroako eremu horretara mugatzen: baldintzak "errepikatu egiten dira Euskal Herri osoko AHTaren obretako gainerako tuneletan".

Agerraldian abisatu dutenez, neurrigabeak dira obra horietako lanaldiak: 12 ordutik gorakoak, eta 18 orduraino luzatzen dira kasu batzuetan. Lan-ordutegia, gainera, ez da inola ere kontrolatzen. Beharginek ez dute ez lanean hastean ez amaitzean fitxatzen, eta, beraz, ez da jasota geratzen zenbat orduz aritzen diren. Horrek zuzenean dakar, noski, aparteko orduak ez kobratzea.

Obran segurtasun falta erabatekoa dela ere jakinarazi dute, lana arriskutsua izan arren. Ez dago Norbere Babeserako Ekiporik (NBE) bermatuta, eta egoera txarrean eta zaharkituta dago erabiltzen duten makineria. Lan-istripuren bat gertatzen bada, langileak beraiek dira euren burua artatu behar dutenak, AHT Gelditu! plataformak azaldu duenez. Arrisku hori areagotzen du beharginen artean hain handia den kokaina kontsumoak; lanaldi izugarriak jasan ahal izateko, asko dira drogara jo behar izaten dutenak.

Horretaz gain, baldintza osasungaitzen berri ere eman dute langileek. "Debekatuta egon arren, diesel-makinekin lan egiten dute tunelen barruan, kutsadura kimikoa eta akustikoa eragiten dituztenak", zehaztu zuten agerraldian: "Hori larriagotu egiten da NBErik ez dagoelako". Eta, gainera, enpresek aurrez izaten dute lan-ikuskapenen berri, eta neurriak hartzeko eta itxurak egiteko aukera ematen die horrek.

Mota guztietako amarruak

Lan-ikuskapenei lotutakoak ez dira, ordea, AHTa eraikitzeko lanetan murgilduta dauden enpresek egiten dituzten azpijoko bakarrak. Izan ere, askotariko lan-abusuen berri eman zuten ostiraleko prentsaurrekoan: eskubideak aldarrikatzen dituzten langileak kaleratu egiten dituzte, nominak faltsutzen dituzte, beharginek egindako aparteko orduei eta plusei entzungor egiten diete, eta abar.

Azpikontratatutako enpresen araberako "lan-desberdintasunak oso handiak" direla ere seinalatu dute, "gauez paperik eta kontraturik gabeko langileak egoteraino". "Azpikontratazio-prozedura mekanismo ezin hobea da era guztietako desberdintasunak sustatzeko eta abusuzko praktika horiek ezkutatzeko", gaitzetsi dutenez. Gogorarazi dute, bestalde, enpresek "zerbitzu juridiko indartsuak" izaten dituztela "horrelako jarduketei legezko itxura emateko".

Eta, aurrez ere ohartarazi izan dutenez, bereziki kaltetuak dira langile migratzaileak, batez ere jatorri afrikarrekoak eta portugaldarrak. Soldata baxuagoak dituzte, eta askotariko umiliazioak eta irain arrazistak pairatzen dituzte lanean. "Mespretxuak, umiliazioak, irainak eta mehatxuak etengabeak dira", esan zuten agerraldian.

Hori guztia gutxi balitz, enpresen "lardaskeria eta ustelkeria" salatu ditu aipatutako plataformak: "Zuntzaren erdia erabiltzen da tunelaren estaldurako hormigoiaren nahasketan [...] eta beste elementu batzuk, berriz, soberan jartzen dira gainkostuak kobratu ahal izateko". Horretaz aparte, "makinetako olio-ihesak etengabeak dira eta lur azpian ezkutatzen dira".

Lan-baldintzen salaketa

Ostiraleko prentsaurrekoan, hala, AHTaren obretako lan-baldintzak mahaira atera eta horiek salatu zituzten berriz, "langileen bizitza eta osasungarritasuna etengabe arriskuan jartzen dituztelako eta aspalditik desagerrarazi behar ziren esklabotza-baldintzak gogorarazten dizkigutelako". Oroitarazi zuten gutxienez hamabi beharginek galdu dutela bizia proiektu erraldoi horren eraikuntzan, eta halako "azpiegitura megalomanoak ez liratekeela posible izango horiek gauzatzen dituen langile-klasearen zapalkuntza-baldintzarik gabe".

Erantzuleak jopuntuan jarri zituzten: "[...] Salatu nahi dugu estatuko zein autonomia erkidegoetako administrazioek duten erantzukizuna, izan ere, jakitun izan arren, beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, enpresekin erabat bat eginda".

EZ DAGO IRUZKINIK