AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The British Academy
2026/01/16 21:37

Faxismo modernoaren analisia ez da iritzi kontua, datu gordinen batuketa baizik. Erakunde formalen gainbeheraren aurrean, indarkeria sistematikoaren pribatizazioa gertatu da, eta zenbakiek argi uzten dute nork duen hegemonia. 2024an, esaterako, ADL agentziak egindako sailkapen batek erakutsi zuen Estatu Batuetan arrazoi ideologikoekin lotutako hilketa guztiak eskuin muturrak burutu zituela.

Datu hori, anomaloa izatetik urrun, hedabideek eta eskuineko ahots publikoek ezkutatzen duten errealitate baten isla da. Izan ere, AEBetan azken hamarkadan (2015-2024) motibazio ideologikoko zein politikoko hilketa gisa dokumentatutako 429 erailketetatik, 328 (%76) gauzatu ditu eskuin muturrak. 2025ean, gainera, bikoiztu baino gehiago egin zen eskuin muturreko taldeek zein norbanakoek egindako erailketa kopurua.

Europako testuinguruan ere, eskuin muturreko taldeen indarkeria modu esplizituan hazi da. Zentzu horretan, Global terrorism Index lanean jasotzen denez, eskuin muturraren erasoak %320 igo ziren bost urteko epean (2014-2019) Mendebaldeko herrialdeetan.

Dena den, are esanguratsuagoa da "terrorismo" deiturikoaren barne-banaketa. Mundu mailan, 2000ko hamarkadan, eraso "terrorista" guztien %6 soilik egozten zitzaizkion eskuin muturrari; 2010eko hamarkadan, zifra hori %35era igo zen. Europan, joera hori errepikatzen da: txostenak "eskuin muturreko eraso terrorista" gisa izendatzen dituen erasoen kopurua bikoiztu egin zen 2024an, eta Europar Batasunean halako atentatuekin lotutako atxiloketak 449ra igo ziren urte berean. Espainiako Estatua, Frantziakoa eta Italia zerrendaburu dira, hurrenez hurren.

Saretutako otso bakartiak nahiz faxista taldeak

"Otso bakartiak" deituriko erasotzaile faxistekin batera, egitura paramilitar antolatuak ere ari dira loratzen. Estatu Batuetan soilik, 80 talde faxista antolatu baino gehiago daude gaur egun ACLEDen arabera, ezkerreko taldeak ilegalizatzen ari diren bitartean. Talde horiek, gainera, ez dira edonolakoak. Aryan Circle edo Aryan Brotherhood bezalakoek, esaterako, 1.500 kidetik gora bil ditzakete. Haiek egin dituzte azken hamarkadako erailketa supremazista guztien herena (%33).

Eta indarkeria horren egituraketa digitala ere zenbaki bidez ikus daiteke. Europan, talde antolatuen gorakada erabatekoa izanik ere, eraso hilgarrien %93 "bakarrik" jardun duten gizabanakoek egin dituzte. Baina estatistika horrek engainu bat ezkutatzen du, dena den: saretze digitala. Sare enkriptatuen eta "active club" ("klub aktibo") transnazionalen bidez, Rise Above Movement bezalako taldeek taktikak partekatzen dituzte nazioartean.

Saretze horren arriskuen adibide argienetako bat da Alemanian 2022an gertatutakoa. Bertan, indarkeria faxistari lotutako gertaerak bat-batean %40 igo izanari arrazoi bat esleitzen diote hainbat ikerketak: kanal horietatik zabaldutako deialdiak.

EZ DAGO IRUZKINIK