Groupe Union Défense (GUD) eskuin muturreko taldekide Loïk Le Priolek eta Romain Bouvierrek, biek ala biek, Federico Martin Aranburu erail izanagatik jasotako kondenak apelatu dituzte. Joan den ostiralean, urriaren 2an, Bouvierrek egin zuen eskakizuna; eta hiru egun beranduago, helegiteak aurkezteko epearen azken egunean, antzeko eskakizuna egin du Le Priolek: prozesu judiziala berregin dadila. Era horretan, epaiketa berri bati ekingo diote Parisen, beste zigor-auzitegi baten ardurapean, eta herri-epaimahaia ere beste magistratu batzuek osatuko dute.
Le Priol eta Bouvier, hurrenez hurren, 26 urteko eta 19 urteko kartzelaldiarekin zigortu zituen Parisko Krimen Auzitegiak, behin-behinean, irailaren 25ean. Ordu hartan, ebazpena emateko, "nahi gabeko erailketa" eta "nahi gabeko erailketa-saiakera" delituak alegatu zituen epaileak. Prozesu judizial berrian, ordea, berriro ere jarriko dira mahai gainean aurrez pentsatu izanagatiko edo nahita erail izanagatiko aukerak, eta delitu hori Frantzian biziarteko kartzelaldiarekin zigortzen da.
2022ko martxoaren 19ko goizaldean erail zuten Le Priolek eta Bouvierrek errugbi-jokalaria. Munduko Kopara sailkatu zirela ospatzeko asmoz, Aranburu Shaun Egarty kide eta lagunarekin atera zen trago batzuk jotzera. Goizaldeko ordu txikitan, alabaina, liskarra izan zuten GUDeko kideekin. Hala, errugbi-jokalariak etxera bidean zihoazela, bikote faxistak horiek jarraitu zituen, eta tiroz akabatu zuten Federico. Aranburu erail zutenean, berez, kontrol judizialpean zeuden Le Priol eta Bouvier: legez, debekatuta zeukaten armak edukitzea edo elkartzea, baina debeku horiek guztiak urratu zituzten.