AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/11 16:01

Akordio bat lortu dute berriki Espainiako Estatuko eta Kanaria uharteetako gobernuek, estatuko lurretara heltzea lortzen duten pertsona migratuei dagokienez. Atzerritartasun Legea erreformatzeko asmoa dute agintaritzek, toki batean immigrazio-fluxu jakin batzuk gainditzen direla irizten denean, adin txikiko pertsona migratuak indarrez kanporatzeko eta estatuko beste leku batzuetara lekualdatzera behartzeko.

Astearte honetan itxi dute "derrigorrezko birkokatze-akordioa" bi gobernuek, eta, orain, ikusteke dago zer bidetatik egingo duen aurrera (errege lege-dekretu bidez, edo talde parlamentarioek egindako lege-proposamen baten bidez). Erreforma onartuko balitz, Espainiako Estatuak aukera izango du, lurralderen batean pertsona migratu kopuru jakin bat gainditzen dela ebazten denean, esku hartzeko. Teorian, lurralde baten ustezko "gaitasunaren %150" pasatzen denean esku hartu ahal izango du.

Kasu horietan, pertsona helduren baten ardurapean ez dauden adingabeak kanporatu egingo dituzte toki zehatz horretatik, eta estatuko beste lekuren batera mugituko dituzte. Ez dute argitu, ordea, zehazki nola egingo duten haurren eta nerabeen "banaketa" hori. Aipatu dutena da kontuan izango dituztela lurralde bateko eta besteko zenbait irizpide; hala nola, errenta, langabezia edota aurrez hara immigratu duten adingabeen kopurua.

Kanarietara eta Ceutara eta Melillara begira pentsatutako neurria, baina hedatzeko modukoa

Zenbait iturriren arabera, Kanaria uhartediari eta Ceuta eta Melillari begira ezarri nahi dute neurri berria. El País egunkariak, ordea, ez du lurralde jakin bati buruz hitz egiten: esaten du lurralde batek immigrazio-fluxuaren muga jakin bat gainditzen duen bakoitzean aktibatuko dela adingabeak kanporatzeko protokoloa.

Adin txikiko pertsona horiek hartuko dituzten erkidegoei diru-laguntzak emango dizkie Espainiako Gobernuak, guztira, 125 milioi eurokoak izango omen direnak. Itxura denez, ordea, hainbat erkidegok uko egin diote momentuz neurri berria onartzeari.

Behin erreforma onesten denean, urtebete baino gutxiagoan indarrean sartzea aurreikusi du gobernuak, eta behartutako tokialdaketei ekitea. El País-en arabera, neurriaren inskripzioa egin eta hamabost eguneko epean hasiko lirateke erkidego arteko lekualdaketa masiboak.

Aurrekariak

Aurretik ere eman ditu adin txikiko pertsonak "birkokatzeko" pausoak Espainiako Gobernuak, baina erkidegoetako agintaritzentzako derrigortasunik gabe, eta "kooperazio" modura ulertuta. Erreforma berriarekin, "kooperazio" horretatik "derrigortasun" batera igaroko da adingabeen "banaketa". Horretarako argudio gisa erabili du gobernuak "gaur egungo migrazio-egoera", eta aitzakiatzat hartu du "adingabearen interes gorena".

Haurtzaroari buruzko Konferentzia Sektorialean adostu zituzten haurren eta nerabeen "borondatezko banaketak" (borondatezkoak erkidegoentzat, ez gazteentzat). "Birkokatze" horiek egiteko, hainbat irizpide markatu zituzten, ezaugarri horien arabera, lurraldeei puntuak emateko eta horien ustezko egokitasuna neurtzeko: biztanleria, biztanleriaren sakabanatzea, errenta, langabezia tasa, jadanik bizi diren adingabe migratuen kopurua, eta abar.

El País-ek dioenez, hurrengo apirilari begirako "banaketa" posible bat aipatzen da zirriborro batean, baita behartutako lekualdaketak zein erkidegotara izango liratekeen ere, zehaztutako irizpideak aintzat hartuta: Errioxara, Kataluniara, Madrilera eta Andaluziara.

EZ DAGO IRUZKINIK