Badirudi Eusko Jaurlaritzak adimen artifiziala erabiliko duela Zuzenean izeneko zerbitzuan; alegia, herritarrentzako zuzeneko arreta-zerbitzuan. Oraindik ez dute zehaztu zer nolako eragina izango duen horrek, baina aurreratu dute arretako "auzirik errazenak" ebatziko dituztela adimen artifizialaren bidez, prozesu horiek "automatizatuz"; eta litekeena da ohikoenak diren kontsultekin ere berdina egitea, El Diario Vasco-ren hitzetan. Aldaketa horren arrazoia omen da aurrez aurreko arretako zama arintzea eta "zerbitzu publikoak indartzea".
Horretaz gain, aurrez aurreko arretarako bulegoak eraberrituko omen dituzte. Bilbon (Bizkaia) izango da proba pilotua, urteko lehenengo hiruhilekoan antza denez. Epe berean, Gasteizen (Araba) eta Donostian (Gipuzkoa) ere jarriko omen dituzte martxan aldaketak. Aipatutako egunkariak zehaztu du, dena den, eraberritzeak "ingurune fisikoen erreformekin" baino zerikusi handiagoa izango duela jardun "operatiboarekin".
"Aro berri bat jarriko dugu abian herritarrekiko harremanetan", esan du Maria Ubarretxenak, Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak. "Gaur egungo digitalizazioaren eta teknologia berrien erabileraren testuinguruan, guztiz beharrezkoa da herritarren arreta birpentsatzea eta berriz diseinatzea, modu eraginkorragoan, efizienteagoan eta egokiagoan erantzuteko pertsonen beharrei", dio. Gobernuak, momentuz, esan du adimen artifizialaren erabilerak ez dituela langileen kaleratzeak ekarriko.
2024an, herritarren 664.891 behar eta kontsulta kudeatu zituzten Zuzenean zerbitzuaren bidez, 2023an baino 36.000 gehiago. Aurrez aurreko arretara jo zuen jendeak kasu gehienetan, %53,1etan, eta telefono bidezko kontsultak eta kudeaketak izan ziren %40,7tan. Soilik kasuen %4,74tan erabili zuten euskadi.eus atari digitala, eta soilik %1,6tan baliatu zuten Telegram aplikazioa.