Gipuzkoako sei zahar-etxetan greba mugagabean daude iazko azaroaren 21etik, ELA sindikatuak deituta: Donostiako (Gipuzkoa) Villa Sacramento, Txara II eta La Pazen, Errenteriako (Gipuzkoa) Jesusen Bihotzean, Zumaiako (Gipuzkoa) San Juanen eta Zumarragako (Gipuzkoa) Argixaon, hain zuzen ere. Orain, gainera, deialdira batzea erabaki dute Ordiziako (Gipuzkoa) San Jose egoitzako langileek, eta ostiral honetan ekingo diote grebari.
ELAk, bestalde, sektoreko behargin guztiak deitu ditu grebara Gipuzko osoan, ostegunerako eta ostiralerako. Izan ere, salatu du ez dagoela "aurrerapausorik" hitzarmen berria lortzeko, "urtebeteko negoziazio-ahaleginaren ondoren". "Ez dago proposamenik Gipuzkoako egoitzen hitzarmena berritzeko", laburbildu du: "Patronalek (Matia, Adegi eta Lares) ez dute aurkeztu sektoreak bizi dituen prekaritatea eta soldata-arrakala ezabatzeko proposamenik. Nahiz eta Foru Gobernuak eta Podemosek hitzarmen sektorial bat bultzatzeko konpromisoa hartu zuten iazko aurrekontu-akordioan [10 milioi euroko inbertsioa aurreikusi zuten], ez dago horren berririk".
5.000 langile inguru dira zahar-etxeetan: ia erdiek kontratu partzialak dituzte eta "gehienak azpikontratatutako emakumeak dira", ELAren esanetan. "Soldata-arrakalarekin amaitzea eta %100eko lan-jardunaldiak izatea" eskatzen dute, besteak beste. Beharginek salatu izan dute, dena den, "zerbitzu minimoetan" egiten dutela lan egunerokotasunean, Eusko Jaurlaritzak grebalariei %90eko "zerbitzu minimoak" ezartzen dizkiela salatu baitute.
Konpainia ugariren esku daude zahar-etxeak: adibidez, Eulen Soziosanitarioak kudeatzen du Errenteriako Jesusen Bihotza; Domusvi-Mitiek Donostiako Villa Sacramento, Bihar Gipuzkoak Txara II eta GSRk La Paz; Clece konpainiak Zumaiako San Juan; eta Gerozerlan-Matiak Zumarragako Argixao.