Palestinako milizianoek urriaren 7an egin zuten kontraeraso bat Israelgo Estatutzat jotzen den eremuaren hegoaldean, eta sionistek horren ostean ekin zioten erasoaldi masiboari Gazako Zerrendan. Oldarraldi sionistaren ondorioz, milioika palestinarrek egin behar izan dute ihes euren etxeetatik eta lurretatik. Badirudi, dena den, "Israel" modura ezagutzen den eremuan ere izan dela ihesa; eta ez soilik urrian bertan iragarritako "barne-mailako" 200.000 desplazatuen partetik.
Times of Israel egunkariak dioenez, urriaren 7aren ondorengo sei hilabeteetan, 550.00 pertsonak egin dute alde Israelgo Estatutik (iturri sionisten hitzetan, 550.000 "israeldarrek"). Biztanleria eta Immigrazio Agintaritza sionistako iturriak aipatzen ditu datu hori emateko. Zehazten dute, gainera, ihes hori ez dela behin-behinekoa, baizik eta migrazio iraunkor bat.
Israelgo Estatistika Bulego Nagusiaren arabera, joan den apirilean, 9,9 milioi pertsonakoa zen "israeldartzat" jotzen zen biztanleria. Milioika kolono sionistez gain, "israeldar" modura zenbatzen dituzte estatu sionistak zuzenean okupatzen duen eremuan bizi diren 2 milioi palestinar baino gehiago, baita okupatutako Golango Gainetan bizi diren 20.000 siriar ere. "Israeldarren" artean, gainera, milioika dira nazionalitate bikoitza dutenak.