AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Economista
2025/10/10 12:11

Iruñerriko (Nafarroa) hiri-garraioko langileek zortzi hilabete baino gehiago daramatzate borrokan, lan-baldintzak hobetzeko. Plantillak hamaika lanuzte eta mobilizazio egin ditu denbora horretan guztian, eta izan diren greba-deialdiek jarraipen zabala izan dute: %93koa izan zen erantzuna ikasturteari ekitean hasitako lanuzteetan, esaterako. TCC Moventis enpresa pribatuak kudeatzen du zerbitzu publikoa, eta zuzendaritzarekin aurreakordio bat sustatu dute azken egunetan langile-batzordean gehiengoa duten UGT eta CCOO sindikatuek, lan-gatazka bukatutzat emateko.

Beharginen eskaeren artean daude 2008tik galdutako soldataren %5,38 berreskuratzea, soldatak KPIaren arabera eguneratzea, lanaldia murriztea, gaueko eta jaiegunetako bajak eta plusak hobetzea eta 2023an iraungitako itun kolektiboa berritzea, besteren artean. Zerbitzu publikoa emateko erabiltzen dituzten autobusen kalitate txarra ere salatu izan dute langileek, eta horren erakusle da, adibidez, aurreko astean ibilgailuetako batek su hartu izana Berriozarren.

Moventia taldearen filiala da duela hamabost urtetik villavesen zerbitzuaz arduratzen den konpainia, TCC Moventis. Sabadellekoa (Katalunia) da enpresa, eta Martí Escursell familiaren jabetzakoa da. Noticias de Navarra egunkariak argitaratu duenez, izugarria da familia horren ondarea: 250 milioi euro ingurukoa gaur egun. Espainiako Estatuan erregistratutako 300 ondare handienen artean dago Martí Escursell anai-arrebena.

Miquel Martí Escursell da konpainiako ohorezko presidentea, Josep Maria izena du presidenteak, Silvia da presidente korporatiboa, eta jabetza mantentzen du haien arreba-ahizpa María Rosak ere. Haien familiak 1923an enpresa sortu zuenetik, hirugarren belaunaldia osatzen dute aipatutako lau anai-arrebek.

Aipatutako hedabidearen arabera, Marfina SL holding sozietateak barne hartzen ditu taldeko konpainia guztiak, eta 290 milioi euro inguruko ondare netoa dauka une honetan. 2019. eta 2023. urteen artean, hain zuzen ere, 63 milioi euroko irabaziak metatu zituen sozietate horrek.

EZ DAGO IRUZKINIK