Amaitu berri den urtean, 2023an, ikaragarri egin du gora Espainiako Estatura heldu nahian hil diren pertsona kopuruak. Mugak Ibiltzen (Caminando Fronteras, gazteleraz) kolektiboak argitaratutako datuen arabera, iaz, gutxienez 6.618 lagunek galdu zuten bizia Espainiako Estatura migratu nahian. Batez beste, beraz, hemezortzi heriotza izan ziren egunean migrazio-bideetan. Erakunde horrek jakinarazi du, gainera, datu errealak askoz ere altuagoak direla berez: "Badakigu gehiago direla".
2022ko datuekin alderatuta, hirukoiztu egin dira pertsona migratuen heriotzak 2023an: 2022an, 2.390 lagun hil ziren Espainiako Estatura iristeko saiakeran. 2023a, gainera, 2007tik erregistratu duten urterik hilgarriena izan da. Iazko hilabeterik lazgarrienak, antza, ekaina eta urria izan ziren: migratzen ari ziren 1.197 eta 2.370 pertsona hil ziren hilabete horietan, hurrenez hurren.
Hona hemen 2023an zenbatutako heriotza kopurua, hilabeteka: 138 urtarrilean, 237 otsailean, 77 martxoan, 148 apirilean, 37 maiatzean, 1.197 ekainean, 454 uztailean, 461 abuztuan, 381 irailean, 2.370 urrian, 1.023 azaroan eta 95 abenduan. Mugak Ibiltzen kolektiboaren esanetan, iaz 84 itsasontzi desagertu ziren osorik, horietan zihoazen pertsona guzti-guztiak desagerrarazita.
Kanarietara heltzeko bidea, hilgarriena
Iaz bizia galdu zuten lagun ia guztiak, 6.007 hain justu, Kanarietaraino doan bide atlantikoan hil ziren (2022an baino hiru aldiz gehiago, urte horretan 1.784 pertsona zendu baitziren migrazio-bide horretan). Hala, berriz hartu dute bide hori "munduko hilgarrientzat". Beste 434 pertsona mendebaldeko Mediterraneoko bide aljeriarrean hil ziren, 147 Gibraltarko itsasartean eta 30 Alborango bidean.
Biderik hilgarriena izan arren, 2023an nabarmen egin du gora Kanarietaraino heltzeko bide atlantikora jo dutenen kopuruak: 56.852 izan ziren, itsasotik edo lurretik, bide hori erabilita Kanaria uharteetara iristen saiatu ziren lagunak. 2022an baino %82,1 gehiago da hori.
Migrazio-bide atlantiko horretara jo eta bizia galdu zutenen erdia (3.176 pertsona) jatorri berekoak ziren: Senegaldik irten ziren, Espainiako Estatura migratzen saiatzeko. Itxura denez, iaz hazi egin ziren bidaiarik luzeenak: areagotu egin zen Senegaldik, Mauritaniatik edota Gambiatik migratutako lagun kopurua.
Kontrol-neurrien areagotzea eta ondorioak
Ohartarazi dutenez, 2023an Kanarietaraino doan "biderik luzeena eta arriskutsuena" gehiago erabili dute, Senegaldik edota Mauritaniatik migratu duten pertsonek topatzen dituzten kontrolen areagotzea dela-eta. Bide luze hori, zehazki, ozeanoan murgiltzen da El Hierroko irlaraino.
Mugak Ibiltzen kolektiboko ikerketa-koordinatzaileak, Helena Malenok, migrazio-kontrolerako politikei egotzi die heriotzen gorakada: iritzi dio "bizitzarako eskubidearen" gainetik lehenesten direla "mugetako kontrolak", eta ohiko "praktika" bihurtu dela sistematikoki egitea uko "laguntzeko betebeharrari".
Badirudi, gainera, Europarako migrazioa zailtzeko eta, hortaz, migrazio-bideak are arriskutsuago egiteko joera zabaldu egingo dela aurrerantzean. Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna lantzen ari dira Europar Batasunean, eta pertsona migratuen kontrako hamaika praktika legeztatuko dituzte horren bidez.