AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Hamaika Telebista
2023/09/28 11:28

Espainiako Auzitegi Nazionalak 182 urteko beste zigor bat ezarri dio Asier Ezeiza preso politikoari. Hiru aldiz epaitu dute, 2003an ETAk Alacanten eta Benidormen egindako ekintzekin lotuta. Fiskaltzak 268 urteko eskaera bat egin zuen, eta, azkenean, 182 urteko zigor bat jarri dio hernaniarrari auzitegiak; nahiz eta, gehienez, hogei urtekoa izango den. Inhabilitazioa ere barne hartzen du zigorrak.

Aurretik arrazoi berdina dela-eta egin dizkioten bi epaiketetan, Espainiako Auzitegi Nazionalak esan du ez dagoela nahikoa frogarik Ezeiza zigortzeko eta 2003ko bi ekintzetan parte hartu zuela baieztatzeko. Horregatik absolbitu dute bi aldiz. Auzitegi Gorenak ebazpenak indargabetu zituen, ordea, eta izugarrizko zigorra ezarri diote hernaniarrari oraingoan, arrazoi berdinarengatik hirugarren aldiz epaitzean.

2008an atxilotu zuen Ezeiza Frantziako Poliziak, eta ETAko kide izatea leporatuta, hamabi urteko espetxe-zigorra jarri zioten. 2020an Espainiaratu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzeko. 2020ko maiatzean geratu zen aske, Frantziako Estatuak agindutako hamabi urteko zigorra bete zuenean, baina bere kontrako bi prozedura ireki zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Aurreneko prozeduran hemeretzi urteko zigor bat ezarri zioten, eta joan den maiatzean espetxeratu zuten. Berriki ebatzitakoa da Ezeizari Espainiako Estatuan jarritako bigarren zigorra.

EZ DAGO IRUZKINIK