15.000 inguru. Azken datuen arabera, horiexek dira Mexikoko hegoaldeko mugan harrapatuta dauden pertsonak, ez atzera ez aurrera, Guatemalatik Mexikora igarotzeko esperoan. Sekulako euri-jasak izan dira azken astean, eta inolako aterperik eta babesik gabe egin behar izan diote aurre eguraldiari; zuhaitzen, kaxen, karpen eta, kasurik onenetan, kanpin denden azpian hartu behar izan dute babes.
Giza Duintasunerako Zentroak (CDH, gaztelerazko sigletan) ohartarazi du asko direla mugan zain dauden haurrak, eta gaixotzen ari direla eguraldiaren ondorioz. "Ez badago arreta medikorik mexikarrentzat, are gutxiago atzerritarrentzat", adierazi du kezkaz erakunde horrek.
42. Titulua, bertan behera
Amerikako Estatu Batuetako 42. Titulua aurreko hilabetean ahitu zen, hiru urtez indarrean egon ostean. Neurri horrekin, eta pandemiaren aitzakiapean, pertsona migratzaileak berehala kanporatzen zituzten AEBetatik. Orain, 8. Titulua deiturikoa dago indarrean: teorian, berehalako kanporatzeak bertan behera geratu direnez, areagotu egin da Mexiko gurutzatuta AEBetara iritsi nahian ari diren lagun kopurua.
Dena den, 8. Tituluak are gehiago zailtzen du paperik gabeko pertsonek legezko asiloa lortzeko prozedura: AEBetara sartzeko legezko bideak zabaltzen dituen arren, legez kanpoko migrazioa are gehiago zailtzen eta paperik gabeko migratzaileek asiloa izateko baldintzak gogortzen ditu. 1952an promulgatu zuten 8. Titulua, estatubatuarrak ez diren pertsonen sarrera eta egonaldia arautzeko.
Mexikoren eta AEBen arteko mugan ere, geldirik
Migratzaile askok salatu dute, esaterako, CBP One aplikazioaren bidez soilik lor daitekeela hitzordu bat AEBetara pasatzeko izapideak egiteko, eta asteak edota hilabeteak daramatzatela horren zain, mugan bertan. Egoera horretan, abokatu faltsuen iruzurrak ugaritu dira: diru truke, hitzordu bat eskuratuko dietela hitzematen diete migratzaileei.
2022. urtean, AEB eta Mexiko bereizten dituen mugan, paperik gabeko 2,76 pertsona migratzaile kanporatu zituzten AEBetako autoritateek.