Tom Fletcherrek, Nazio Batuen Erakundeko laguntza humanitarioko buruak, atzo eman zuen abisua: Gazako Zerrendan, "14.000 haurtxo hil daitezke datozen 48 orduetan laguntza eramatea lortzen ez badugu". NBEk baieztatu duenez, "faltsua" izan da Israelgo Gobernuak martxoan ezarritako blokeoaren "leuntzea", eta horren ostean egin du ohartarazpena. Izan ere, joan den astelehenean bertan, elikagaiak zeramatzaten bost kamioi besterik ez zituzten Gazan sartzen utzi sionistek.
Fletcherren esanetan, Kerem Shalomeko pasabideko alde israeldarrean atxikita jarraitzen du kamioi andanak, janariz eta botikaz beteta. "Beldurgarria da", gaineratu du, blokeoa "guztiz desegokitzat" jotzeaz gain. Gainera, astearte goizaldean, gutxienez 60 pertsona gehiago erail ditu Israelgo Estatuak bonbardaketa bidez; haurrak barne, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Erasoek, besteak beste, errefuxiatuak zituen eskola bati eta hainbat etxebizitzari eragin diete, Zerrendako hainbat gunetan.
2023ko urrian sionistek erasoaldi militarra biziagotu zutenetik, 53.500 pertsona baino gehiago erail dituzte Gazan zuzeneko indarkeriaren ondorioz, aipatutako Palestinako osasun-iturrien hitzetan. Horrez gain, hondakinen azpian harrapatuta daudenak eta gosez edo gaixotasunez hil diren pertsona guztiak daude, zenbaezinak direnak.
Krisi humanitarioa areagotu egin da (gazatarren %100 daude elikadura-krisian, azterketa batek dioenez), eta Dohako negoziazioek blokeatuta jarraitzen dute, Israelgo Estatuaren eta Palestinako Erresistentziaren jarreren artean dauden "funtsezko ezberdintasunengatik", Mohammed bin Abdulrahman Al Thani Qatarreko lehen ministroak esan duenez.
Frantziako Estatuak, Erresuma Batuak eta Kanadak ohar bateratu bat kaleratu zuten astelehenean, Benjamin Netanyahuren gobernuak erasoaldia gelditu eta palestinarrek laguntza humanitarioa eskuratzea errazten ez badu, "neurri zehatzak" har ditzaketela esanez. "Ez gara besoak gurutzatuta geratuko", dio testuak, El País-ek jaso duenez. Eliseoak, bestalde, iragarri du babestu egingo duela Espainiako Estatuak eta Irlandak egindako azken proposamena, Europar Batasunaren eta Israelgo Estatuaren arteko elkartze-akordioa berrikusi dadin. Alemania aurka agertu da.
Europar Batasuna da estatu sionistaren bazkide komertzial nagusia, esportazioen %28,8 bideratzen baitu blokera.