AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Wikimedia Commons
2022/09/13 11:32

Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) abuztuko behin betiko datuak argitaratu ditu Espainiako Estatistika Institutuak (INE) astearte honetan. %10,5ean kokatu zen KPIa joan den hilabetean, ekonomialariek espero zutena baino gutxiago jaitsi ondoren. Izatez, %13,8koa izan da elikagaien urte arteko batez besteko garestitzea. Elikagaien tasa hori %3 igo da hilabete batetik bestera, 1994ko urtarriletik erregistraturiko marka altuena finkatuz. Horien artean, bereziki igo dira haragiaren, olioen, zerealen, esnekien eta arrautzen salneurriak.

Langile familiek uztailean baino hiru hamarren garestiago ordaindu dute erosketa-saskia Espainiako Estatuan. Joan den uztailean jo zuen goia, %10,8raino iritsita. Aurrez, hiru hilabetez jarraian urte arteko tasak gora egin zuen: apirilean %8,3an kokatu zen, maiatzean %8,7an, eta ekainean %10,2an.

Azken urteko datu orokorrei so, berogailua, argindarra eta ur-hornidura %47,2 garestitu dira; olio zein koipeak %24; arrautzak %22,4; esnearen prezioak %25,6 egin du gora, eta zerealenak, berriz, %21,7. Ogiak, behi-haragiak, hegazti-haragiak, esnekiek, patatek eta horien prestakinek %15etik gorako igoera izan dute.

Erregaien arloan, uztailetik abuztura artean %7,1eko jaitsiera izan bada ere, urte arteko tasak %24,7ko igoera adierazten du. Produktu energetikoak, hala ere, %37,4 igo dira. KPIan aintzat hartzen ez den arren, etxebizitza %24,8 garestitu da iaztik, eta %3,6 uztailetik abuztura. Garraioak %3,7ko beherakada izan du uztailetik, baina %11,5eko igoera izan du urtebetean. Etxeko tresneria eta hotel, kafetegi nahiz jatetxeetako prezioak %7,6 igo dira 2021etik hona, eta jantziak zein oinetakoak %5,6.

Gogoan izan behar da, gainera, Espainiako Estatuan 2021ean hitzarmen kolektiboa zuten langileen %15,65ek baino ez zutela ziurtatuta KPIaren igoeraren araberako soldata-berritze klausularen bat. Ondorioz, langileriaren gehiengoaren erosahalmena beherantz doa hilabete batetik bestera.

EZ DAGO IRUZKINIK