AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Diario de Avisos
2022/06/15 13:54

Espainiako Estatuko azken lan erreformek gogor kolpatu dituzte langileek enpresarien aurrean negoziatzeko dituzten indar-baldintzak; hau da, hitzarmen kolektiboak sinatzeko ahalmena. Negoziatzeko ahalmena enpresarien alde lerratzeko neurri nagusienetariko bat izan da, hain zuzen, legez inflazioari lotutako soldata-berritzeak zituzten kontratuei jarritako traba legalak gogortzea.

Horren adierazle dira berriki Espainiako Bankuak emandako datuak. 2008ko nazioarteko krisia hasi zenean, hitzarmen kolektibo bat sinatuta zuten zortzi milioi langilek baino gehiagok —hitzarmenen baten pean zeuden langileen %70 inguru— zeukaten inflazioari lotutako soldata-berritze klausula bat bermatuta. 2021. urte bukaerarako, 1,2 milioi langilera jaitsi zen kopuru hori —hitzarmenen baten pean zeuden langileen %15,65—.

Hitzarmen kolektibo baten babesean dauden langileen kopuruak ere behera egin du. Espainiako Lan Ministerioaren datuen arabera, 2008. urte amaierarako, 11,5 milioi langilek zuten hitzarmen kolektiboren baten barruan sinatutako kontratu bat; 2021. urte amaierarako, berriz, 7,68 milioi langile baino ez ziren. Jaitsiera nagusia, dena den, 2012. urtean izan zen, Mariano Rajoyren gobernuaren lan erreforma sinatzearekin batera, hitzarmen kolektibo baten pean zeuden langileen kopurua %15 baino gehiago jaitsi baitzen.

Soldata-prezioen espirala

Espainiako Bankuak soldata-igoeren aurka ere jo du, nahiz eta aurreikusten duen 2022an, batez beste, %2,3 igoko direla soldatak; inflazioari buruzko azkeneko datuak, baina, %8tik gorakoak dira. Hala ere, Espainiako moneta politikaren arduradunek ohartarazi dute soldaten igoera orokortu batek prezioen igoeraren bigarren fase bat ekar dezakeela. Teoria ekonomiko neoklasikoak soldata-prezio espirala deiturikoa gauzatuko litzateke modu horretan.

Horretarako, ordea, Espainiako Estatuko soldatek igoera erreal bat izan beharko lukete. AMECOk —Europar Batasuneko estatistika makroekonomikoen datu baseak— eskainitako datu historikoek adierazten dute, hala ere, 2008tik 2021era bitartean %0,047 baino ez zela igo Espainiako Estatuko langileen batez besteko soldata erreala.

Beraz, soldata-prezioen espirala delakotik urrun dago gaur egungo egoera, batez ere, soldata errealak krisi kapitalista hasi zenetik ez direlako modu orokortu batean igo. Inflazioa, dena den, aitzakia bikaina bilakatu daiteke soldaten aurkako eraso berri bat abiatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK