IAS: "EHUren azken erabakiek ez dute laguntzen faxismoari aurre egiten"

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) bere mezu faxistak zabaldu nahi ditu Vox alderdiak, eta unibertsitate publikoaren eta bestelako agintaritzen debekurik gabe egingo du agerraldi bat gaur eguerdian, Gasteizko (Araba) campusean. Eguerdiko 12:30erako egin du prentsa-deialdia alderdi faxistako gazterien bozeramaileak, Júlia Calvet Puigek. EHUko errektoretzak hartu duen erabakia izan da gaurko eskolak bertan behera uztea eta fakultateak ixtea, eta ez du galarazi Ertzaintzak goizean goizetik campusea erabat hartzea: ertzainek dispositibo neurrigabea ezarri dute campusean, Farmazia Fakultatea hesituz eta unibertsitatea hustuz.

Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) gogorarazi du "ikasle-mugimendua kriminalizatzeko eta propaganda faxista egiteko asmoz" bertaratuko dela Vox campusera, faxismoaren kontra agertu diren pankarta batzuk hartu baititu aitzakiatzat prentsaurrekoa antolatzeko. Horiek horrela, agerraldiak eta faxisten presentziak "aurrekari arriskutsu" bat jar dezaketela salatu du IASek. "Faxismo instituzionalaren ordezkari nagusia da Vox Espainiako Estatuan, eta unibertsitatean inpunitate osoz ideia zapaltzaileak zabaltzeak bere presentzia normalizatu baino ez du egiten", azaldu du ikasle-antolakundeak: "Unibertsitateek faxismoari aurre egiten dioten espazio bat gehiago izan behar dutela ulertzen dugu, eta ez faxismoa bezalako langile-klasearen aurkako gorroto-ideologia bat normalizatzen duten espazioak".

Kritika EHUren erabakiei

Larunbatean argitaratutako idatzian, IASek beharrezkotzat jo zuen faxisten aurka antolatzea eta, kasu honetan, "unibertsitatean bertan mobilizatzea". Horrexegatik kritikatu zituen EHUren azken erabakiak, eskolak bertan behera utzi, fakultateak zarratu eta, hala, faxismoaren kontrako ikasle-mobilizazioa campusetik urruntzen saiatu baita.

IASek seinalatu zuen neurriok ez dutela "laguntzen faxismoari aurre egiten", eta hala xehatu zuen: "Ez dauka zentzurik unibertsitatean ez den beste inon mobilizatzeak. Vox Gasteizen badago, ordezkaritza bat baitu Eusko Jaurlaritzan; kontua da bere mezua unibertsitatean hedatu nahi duela eta horri unibertsitatean erantzun behar zaiola".

Horrekin batera, ikasle-antolakundeak salatu zuen EHUk fakultateak ixteak "ikasle-mugimenduaren aurkako kriminalizazio-kanpaina hauspotzen" duela, komunikabideen eta politikari profesionalen adierazpen kriminalizatzaileei bide egiten baitie, ikasleek "kontra-mobilizaziorako baimenik ez" dutela eta "istiluak sortuko" direla iradokiz, esaterako. Eta gaineratu zuen: "Biolentzia erabiltzea interesatzen zaien bakarrak Polizia eta Vox dira".

Gasteizko campusa, faxistei oparituta

IASek iritzi dio gaurko eskolak mantenduta "jende gehiago mobilizatuko litzatekeela" faxismoaren kontra, "indar-erakustaldi handi bat eginez". Ez da hala izan, ordea, eta antolakundeak uste du "campusa faxistei oparitu eta unibertsitatetik kanpo mobilizatzeak Voxen agerraldia normalizatu besterik ez duela egiten".

Ikasle-mugimenduak mobilizazio-deialdi bat zuen egina gaur eguerdirako, Voxen probokazioari erantzunez: 12:00etan jarri zuten hitzordua Farmazia Fakultateko sarreran.