Gaza inbaditzeko eta Palestina suntsitzeko asmoak. Hamarkada luzez aurrera eramandako okupazioa eta genozidioa. Etengabeko jazarpena, torturak eta erailketak. Mendebaldea, ideologia sionista supremazistaz blaitua. Eskuineko alderdi parlamentarioek babestua eta ezkerrekoen bakezaletasunaren diskurtso hutsaren bitartez zuritua. Kolaboratzaile zuzenak, eta kolaboratzaileekin kolaboratzen dutenak.
Borroka bidez erantzun duen Palestinako erresistentzia, kriminalizatua eta bonben hotsaren bitartez isildua. Ekidistantziak neuralizatua. Elkarbizitzarako deiak, BI ALDEETAko tentsio militarrak gutxitzeko eskakizunak, negoziazioaren mirarizko gaitasuna: zapaltzailearen bakea.
Hangoa zein hemengoa deskribatzen duten titularrak soilik dira aurrekoak. Ez dago urrunera joan beharrik entsaladaren osagai guztiak batzeko. Ederra Euskal Herrian gelditu zaigun panorama.
Oportunismoa eta alderdikeria izan ditugu beste behin ere sozialdemokrazia ezaugarritzen. Genozidioa = gerra, elkarrizketa politikoa, herri langilearen erresistentzia eta defendatzeko eskubidearen deslegitimazioa, biolentziaren berdintzea, su-etenerako deia… eta egoera ez dagoenez eztabaida txikietan denbora galtzeko, dagoena onartu eta Donostian elkartu.
Egiarekiko eta gertakizunekiko arduragabeak arduratsutzat dauka bere burua, eta ez da ohartzen arduraz jokatzeko eskatzen duenean arduratsu dena bi pauso aldentzen dela. Inoiz baino gehiago, arduraz jokatzeko unea duela.
Ardura politikoz jokatzen duenak posizio politiko zuzena hartzeko konpromisoa erakusten du. Ardura politikoa ez da, beraz, noraezean diharduen mugimendua mugimendu izateagatik hauspotzea, edota, noraezetik urrun, helmugaz, eta, beraz, norabidez aldatu duenari itsu-itsuan jarraitzea. Pilotu automatikoa jarri eta dagoena onartzea.
Ardura politikoz jokatzea da errealitatea parez pare hartu eta egiarekiko konpromisoz irakurtzea, eta bertan jarduteko erabaki politiko kontsekuente eta zuzen baten aldeko apustua egitea.
Konplizitatea eta kolaborazioa salatzeko, bakearen izenean zapaltzaileak eta zapalduak parekatzen dituzten diskurtsoak gaitzesteko, palestinar herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako daukan eskubidea babesteko, gobernu sionistaren izaera faxista azpimarratzeko… NI BANOA.