EFEMERIDEAK
Gaurko egunez, duela 42 urte, Grupos Antiterroristas de Liberación (GAL) eskuin muturreko talde paramilitarrak Santi Brouard Herri Batasuneko bozeramailea erail zuen Bilbon (Bizkaia), 1984ko azaroaren 20an. Era berean, bost urte beranduago, gaur duela 37 urte, Josu Muguruza hil zuten Madrilen, 1989ko azaroaren 20an.
Mediku kontsultan erail zuten Brouard, ume bat artatzen ari zela. Erizain batekin ari zen lanean, eta hirurak batera zeuden Luis Morcillo eta Rafael Lopez Ocaña mertzenarioek tiroz erail zutenean. Bi hiltzaile horiek identifikatu eta auzipetu bazituzten ere, gerora, aske utzi zituen Auzitegi Nazionaleko epaile batek biak ala biak.
Hori horrela, operazio hori 1980ko hamarkadako "gerra zikinaren" baitakoa izan zen. Izan ere, Morcillok aitortu egin zuen hark egin ziola tiro Brouardi, Rafael Masa Guardia Zibileko teniente ohiaren aginduz. Hori gutxi ez, eta dirutza jaso zuten operazioan parte hartu zutenek: 25 milioi pezeta ordaindu zizkien hiltzaileei Espainiako Barne Arazoetako Ministerioak. Santi Brouard HASI (Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea) alderdiko presidentea zen ordu hartan, baita Herri Batasuneko legebiltzarkidea ere.
Muguruzaren kasuan, Herri Batasuneko diputatua zen, eta Madrilgo Alcalá hotelean bilduta zegoen azaroaren 20 hartako gaualdean, alderdiko beste hainbat kiderekin batera, parlamenturako lanak prestatzen. Une batetik bestera, armatutako bi pertsona taldearengana hurbildu, suzko armekin tiro egin, eta bertan erail zuten Muguruza. Atentatu haren egiletza aldarrikatu zuen GALek, baina jarduna bi urte lehenago amaitu zuenez, ikerketak Bases Autónomas talde paramilitarra seinalatu zuen hilketaren atzean.
Horren harira, Angel Duce eta Ricardo Saenz de Ynestrillas faxistak auzipetu zituzten. Lehena, polizia-agentea, 93 urteko kartzela-zigorrera kondenatu zuten. 1990ean kartzelaratu zuten. Bigarrena, armadako kidea eta zantzu kolpistengatik auzipetua lehenagotik, absolbitu egin zuten azkenerako, froga faltapean. Atentatu berean, Iñaki Esnaola zauritu zuten.