Skip to Content
EFEMERIDEAK / Indarkeria matxista

Azaroak 12: Maria Angeles Muñozen aurkako epaiketaren hasiera

1976ko azaroaren 12an hasi zen Muñozen aurkako epaiketa Bartzelonan, adulterioa egin izana leporatuta. Espainiako Estatu osoan mobilizazioak izan ziren Emakumeen Eskubideen Aldeko Mugimenduaren eskutik, Maria Angelesen eta emakumeen askatasunen alde eta legedi frankistaren aurka.
Azaroak 12: Maria Angeles Muñozen aurkako epaiketaren hasiera
— ARGAZKIA EFE

EFEMERIDEAK

Duela 50 urte, Maria Angeles Muñozen aurkako epaiketa hasi zen Bartzelonan, 1976ko azaroaren 12an hain zuzen ere. Adulterioa egin izanagatik auzipetu zuten Muñoz, baina haren historiaren berri izateak balio izan zuen, besteak beste, garaiko emakume langileen askatasunen eta eskubideen aldeko borroka prozesu handi bat dinamizatzeko.

1969an Ramon Sotorekin ezkondu zen Maria Angeles, eta urtebete beranduago, bi hilabeteko haurra zutela, senarrak alde egin zuen eta ama-alabaren bizitzetatik desagertu. Urte luzez ez zuten haren berririk eduki, harik eta 1975ean alabaren kustodia galdeginez itzuli zen arte. Hala, Muñoz bigarrenez haurdun zegoenez, eta testuinguru sozial eta penala baliatuta, adulterioa egin izanagatik salatu zuen emazte ohia Sotok. Izan ere, diktadura frankista osoan zehar, zenbait "delitu" egon ziren indarrean emakumeak bereziki epaitzeko; besteak beste, abortatu izanagatik, edo, hain zuzen, adulterioagatikoak. Azken hori, sei hilabete eta sei urte arteko kartzela zigorrekin epaitzen zen. Urrutira joan gabe, lau emakume epaitu zituzten adulterioagatik urte hartan, ehunka milaka pezetako zigorrak eta kartzela-zigorrak jasoz.

Franco diktadorea hiltzear zela hasi zen epaiketa hura, eta auziaren bilakaerak balio izan zuen emakumeek erregimen frankistan bizi izandako egoera bistaratzeko eta horien eskubideen aldeko mugimendua garatu eta zenbait askatasun erdiesteko, borroka eta mobilizazio bidez. 1976ko azaroaren 12an bertan, Muñoz Bartzelonako Justizia Jauregira heldu ahala, 300 emakumek elkarretaratzea egin zuten auzitegien egoitzaren aurrean. Emakumen Koordinadorak eta Associació Catalana de la Dona-k deituta, emakumeak jazartzen zituzten legeen, adulterioa egin izanagatiko "delituaren", eta senargaien "jabetza" bat izatearen aurkako mezuak zabaldu zituzten.

1977ko abuztuan aurkako epaia jaso zuen Maria Angelesek, baina alaba epaileari ez ematea erabaki zuen Muñozek. Elkarte eta antolakunde ugariren babesa jaso zuen prozesu osoan zehar; eta El País egunkariak zabaldu zuen Muñozen aita-amaginarrebek berek ere aitortu egin zutela nahiago zutela biloba amarekin baldin bazegoen, aitarekin baino.

Azkenerako, 1978ko maiatzean despenalizatu zen adulterioa Espainiako Estatuan. Hala, Maria Angelesen kasuaren ondotik, ehunka milaka emakumek haiena egin zuten borroka hori, zuzen-zuzenean eragiten baitzien auziak, eta adulterioa despenalizatzearen aldeko borroka auzi politiko kolektibo bat zela bazekitelako. Gauzak horrela, Espainiako Estatu osoko lurraldeetan barrena mobilizazioak eta kanpainak egin zituzten Emakumeen Eskubideen Aldeko Mugimenduko eragileek, Maria Angelesen eta emakumeen askatasunen alde eta legedi frankistaren aurka.