AKTUALITATEA / Errepresioa
Zupiriaren adierazpenei erantzun diete 'Bada Garaia' ekimeneko hainbat artistak
"Argi utzi nahi dugu 'Bada Garaia' abestiaren helburu bakarra Bilboko eta Gasteizko txosnetan Mugimendu Sozialistaren parte-hartzeari debekua kentzeko eskatzea dela, jai-eredu herrikoien defentsa eginez", azaldu dute. Kantaren letrak Legebiltzarrera eraman ditu Zupiriak.
2026eko maiatzaren 30 - 10:25
Zupiriaren adierazpenei erantzun diete 'Bada Garaia' ekimeneko hainbat artistak

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Bada Garaia abestiaren letrak irakurri zituen atzo Eusko Legebiltzarrean. Ertzaintzak Loiun (Bizkaia) Global Sumud Flotillako kideei emandako jipoiak "fokutik kentzea" eta "herri-mugimenduaren kontrako Poliziaren oldarraldia justifikatzea" zen politikari jeltzalearen asmoa, Bada Garaia dinamikan parte hartzen duten hainbat artistak salatu dutenez.

Kantaren helburua gogorarazi dute: Mugimendu Sozialistari Gasteizko nahiz Bilboko txosnetan ezartzen dieten debekua salatzeko asmoz egin zuten, "denontzako jaiak" eta aterabide bat aldarrikatuz. "Argi utzi nahi dugu Bada Garaia abestiaren helburu bakarra Bilboko eta Gasteizko txosnetan Mugimendu Sozialistaren parte hartzeari debekua kentzeko eskatzea dela, era berean, jai-eredu herrikoien defentsa eginez", zehaztu dute, Zupiriaren kriminalizazio-saiakera ikusi ostean. 

Segurtasun sailburuak Legebiltzarrean esan zuen "gazte-sektore batzuk giroa prestatzen" ari direla uda honetan "Euskadin liskarrak eta istiluak sustatzeko"; eta Bada Garaia abestiaren letrak hartu zituen hori argudiatzeko abiapuntutzat. Horren aurka, Bada Garaia dinamikako zenbait artistak Zupiriari eskatu diote ez dezala kanta bere interes politikoetarako erabili; alegia, Ertzaintzaren azken interbentzio polizialak eta etor litezkeenak justifikatzeko.