AKTUALITATEA / Faxismoa

Vito Quilesek Iruñean agerraldi bat egitea baimendu du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak

Gaztelu Plazara bertaratu nahi zuen probokatzaile faxistak, baina protesta antifaxista bat deitu zuten toki berean. Hala ere, Gobernuaren Ordezkaritzak Yamaguchi plazan agertzea baimendu dio Quilesi.
2026eko urriaren 15 - 08:12
Vito Quilesek Iruñean agerraldi bat egitea baimendu du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak
Vito Quiles iaz Iruñean, bere matoiekin.

Duela astebete iragarri zuen leku zehatzean izango ez bada ere, Vito Quilesek Iruñean egin nahi du ekitaldi bat gaur arratsaldean. Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan Ordezkaritzak ez dio horretarako trabarik jarri, beste behin ere, agitatzaile faxistari bere gorroto-mezuak zabaltzeko plaza bat emanez. Yamaguchi plazan izango da agerraldia teorian, arratsaldeko 18:00etan.

Quilesek urriaren 5ean jakinarazi zuen bira bat egingo duela Espainiako Estatuko hainbat tokitan, eta Euskal Herrian ere jarri zituen bi hitzordu, Iruñean eta Bilbon hain zuzen ere. Handik bi egunera, urriaren 7an, Iruñeko agerraldia Gaztelu Plazan izango zela adierazi zuen, sare sozialetan zabaldutako kartel baten bidez. Dena den, EFE agentziaren arabera, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak ez zuen Quilesen ekitaldiaren berri izan astearte gauera arte, eta ordurako, kontramobilizazio antifaxista bat zegoen deituta jada Gaztelu Plazan.

EFEk jaso duenez, faxismoaren aurkako mobilizazioak eta Quilesen ekitaldiak toki berean bat egin ez dezaten, probokatzaile faxistaren agerraldia Yamaguchi plazara mugitzea erabaki du Gobernuaren Ordezkaritzak, baina ez dio agertzeko baimena ukatu.

Azken urtean, Espainiako Estatuko hainbat unibertsitatetara eta hiritara bertaratu da Quiles, diskurtso faxistak hedatzen saiatzeko, gazte-belaunaldien artean batez ere. Duela urtebete ere antolatu zuen ekitaldi bat Iruñean, Opusen unibertsitatean hain zuzen ere, baina ehunka pertsona mobilizatu ziren bertan Vitoren mezu faxistei ateak ixteko. Horiek horrela, probokatzailea ez zen ausartu jende aurrera azaltzera, eta alde egin zuen.