Vito Quiles probokatzaile faxistak bira bat antolatu du Espainiako Estatu osoan zehar, eta Euskal Herrian ere egin nahi ditu bi geraldi, Iruñean eta Bilbon hain zuzen ere. Iruñeko hitzordua ostegun honetan bertan da, urriaren 15ean: Gaztelu Plazan egin nahi du agerraldi bat. Horiek horrela, Iruñerriko hainbat mugimenduk deitu dute "euste-horma antifaxista berri bat osatzera".
17:30ean izango da faxismoaren aurkako protesta, Gaztelu Plazan bertan, eta gaur aurkeztu dute mobilizazioa kolektibo deitzaileetako hainbat kidek. Ohartarazi dute "olatu erreakzionario" bat izaten ari dela momentu honetan, "sektore prekarizatuenak jomugan" jarriz "eskubideak murriztea" eta "Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalean eragitea" bilatzen duena, besteak beste. "Garrantzitsua da ideia horiek legitimatzen eta indartzen dituzten pertsonaien presentzia desnormalizatzea", defendatu dute, Vito Quilesi erreferentzia eginez kasu honetan.
"Faxismoaren aurkako jarrera eta mobilizazioa areagotu behar ditugu, gure gizartean inolako tokirik izan ez dezan", gaineratu dute. Horixe bera daukate helburutzat osteguneko mobilizazioarekin, eta dei egin diote "Iruñerriko gizarteari" parte hartzera.
Iazko urrian ere Iruñean agerraldi bat egiten saiatu zen Quiles: Opusen unibertsitatean egin zuen deialdi bat, campusetan egiten ari zen bira baten barruan. Dena den, ehunka antifaxista mobilizatu ziren faxistaren presentziaren kontra, eta, azkenean, ez zen bertaratzera ausartu. Protesta antifaxista hori dela-eta, hainbat sarekada izan dira ordutik; azkena, joan den ekainean.
