Vito Quiles gaur da Iruñera bertaratzekoa, mezu faxistak hedatzeko egiten ari den biraren barruan. Gaztelu Plazan egin nahi zuen agerraldia agitatzaileak, baina Yamaguchi plazara aldatu du ekitaldia Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak, Gaztelu Plazan deituta dagoen protesta antifaxista dela-eta. Horiek horrela, teorian, Quilesek 18:00etan egingo du ekitaldia Yamaguchin.
17:30ean Gaztelu Plazan faxismoaren aurka izango den mobilizazioaz gain, beste deialdi bat zabaldu dute berriki sare sozialetan: Alde Zaharrean zehar egingo dute manifestazio bat, Faxismoaren eta probokatzaileen aurka, klase batasuna leloaren pean. 17:00etan abiatuko da mobilizazioa Konpainia Plazatik, eta San Frantziskon bukatuko da.
Quilesek bere diskurtso faxista zabaltzeko egingo duen saiakeraren kontra, beraz, mobilizazio antifaxistaz beteriko arratsaldea izango da gaurkoa. Duela urtebete ere saiatu zen agitatzailea Iruñean ekitaldi bat egiten, baina ehunka antifaxista mobilizatu zirela ikustean, ez zen ausartu jende aurrera agertzera.
"Quiles bezalako figurei esker faxismoa kaleetan normalizatzen da", salatu dute manifestazioaren deitzaileek, "mezu klasista, arrazista eta supremazisten aurrean erantzun antifaxista bat gailentzeko beharra" azpimarratuz. Alderdi politiko parlamentarioei ere egin diete kritika, esanez "PSOEk faxismoaren arriskua bere espazio elektorala aktibatzeko erabili duela". Gogoan izan dute, gainera, mugimendu antifaxista jazarria eta zigortua izaten ari dela etenik gabe, eta horren adibide dela "Vito Quilesen, desokupen edo Núcleo Nacionalen aurka altxatu zirenen aurkako errepresioa".