AKTUALITATEA / Olatu erreakzionarioa
URSSAko eta EGAko bizilagunekin elkartasunez, gaur mobilizatzera deitu du Gasteiz Antirrazistak
'STOP ARRAZAKERIA' lelotzat hartuta egin du deialdia, 19:30ean Gasteizko Plaza Berrian. Poliziak URSSA eta EGA fabrikak hartu zituen atzo; 120 bat pertsona bizi dira horietan. Horren harira, desalojoaren aldeko deialdi bat zabaldu dute zenbait "bizilagunek".
2026eko maiatzaren 28 - 08:15
URSSAko eta EGAko bizilagunekin elkartasunez, gaur mobilizatzera deitu du Gasteiz Antirrazistak
— ARGAZKIA Hala Bedi

Gasteiz Antirrazista plataformak mobilizazio bat antolatu du gaurko, ostegunerako: URSSA eta EGA fabriketan bizi diren pertsonekin elkartasunez, arrazakeriaren aurkako deialdi bat egin du. Arratsaldeko 19:30ean, hain justu, Gasteizko Plaza Berrira bertaratzera deitu du. 

URSSA eta EGA fabrika abandonatuetan, etxerik gabeko 120 lagun inguru bizi dira gaur egun, gehienak jatorri magrebtarreko gazteak. Atzo, operazio erraldoi bat egin zuten bertan polizia-indarrek: banan-banan identifikatu eta kanporatu zituzten eraikin horietan bizi diren pertsonak, eta dokumentazio pertsonala kendu zieten batzuei. "Lapurreten" kontrako operazio modura saldu zuen Poliziak.

"Polizia eta komunikabideen laguntzaz Gasteizko Udalak bortizki jazarri ditu bertan bizi diren ehunka pertsona", salatu zuen atzo Gasteiz Antirrazistak. Horiek horrela, eraso arrazista gaitzestera eta gaurko mobilizaziora batzera deitu zuen plataformak.

Atzoko gertakarien harira, beste deialdi bat ere zabaldu dute hirian, baina URSSAn eta EGAn bizi diren etorkinen kontrakoa kasu honetan. "Zure ondoan, Adurtzan, zuri lapurreta egiteko, zure seme-alabei mehatxu egiteko eta zure amak erosketak egitera irteteari utz diezaion sartu denik bada. Nabeak osorik okupatzen dituzte, bakarrik doazen emakumeei lapurreta egiten diete, eta gure nagusiei jotzen diete sekula ikusi ez dugun biolentziarekin", leporatzen die "bizilagun" talde batek. Horiek horrela, bi fabriketan bizi diren pertsonak desalojatu ditzatela eskatzen dute: "Polizia eta udala behartuko ditugu egin dezaten". Eta, gainera, bilera-deialdi bat zabaldu dute ekainaren 6rako, zapi zuri bat janztera eta "auzoa berreskuratzera" deituz.