AKTUALITATEA / Soldata sistema

Tubos Reunidosentzako bost eskaintza nagusiek kaleratzeak ezartzen dituzte

Langile kopurua murriztea barne hartzen dute bost aukera "onenek", eta erosleetatik bik Trapagarango lantegia (400 behargin) soilik erosi nahi dute, Amurriokoa (900) baztertuz. Sidenorren jabea da interesdunetako bat, eta erosle posibleetatik bik euro bat eskaini dute Tubos Reunidos eskuratzeko.
2026eko urriaren 19 - 07:15
Tubos Reunidosentzako bost eskaintza nagusiek kaleratzeak ezartzen dituzte
— ARGAZKIA @TRBorrokan

Hartzekodunen konkurtsoan dago Tubos Reunidos, eta zalantzan dago ea zer gertatuko den enpresak Amurrion (Araba) eta Trapagaranen (Bizkaia) dituen bi fabrikekin eta horietako 1.300 langileekin. Izan ere, enpresako zuzendaritzak berak bere web-orrian argitaratu dutenez, Tubos Reunidos erosteko bost eskaintza "onenek" ezartzen dituzte kaleratzeak eta lan-baldintzen aldaketak.

EITBk jaso duenez, Tubos Reunidos erosteko prest agertu diren bost agenteek proposatu dituzte murrizketak (beharginak subrogatzea, plantilla murriztea eta lan-baldintzak aldatzea nahi dute denek, besteak beste), eta haietatik bik, gainera, Trapagarango lantokia soilik erosi nahi dute, Amurriokoa albo batera utziz. Gaur-gaurkoz, 400 langile inguru dira Trapagaranen eta 900 Amurrion. 

Konkurtso-administratzaileak ez du erosle posibleen nortasuna argitu. Dena den, hainbat hedabidek aurrez jakinarazi zuten Jose Antonio Jainaga buru duen konpainia bat dela interesa erakutsi duenetako bat; Sidenor eta Talgo enpresak ere Jainagarenak dira. EITBren arabera, erosle posibleetatik bik euro bat eskaini dute Tubos Reunidos eskuratzeko, hirugarren batek 100.000 euro, laugarrenak milioi bat, eta bosgarrenak 27,5 milioi. Bi egun barru bilduko dira langile-batzordea eta enpresa-zuzendaritza, aukeren inguruan hitz egiteko.

Irailaren hasieran jakin zen hilabete horren bukaerara arte luzatu zutela proposamenak aurkezteko epea. 270 milioi euro inguruko zorrak ditu Tubos Reunidosek, eta ekainean ireki zuten konpainia saltzeko prozesua. Amurrioko ehunka langile ia 100 egunez izan ziren greba mugagabean, murrizketen eta itxieren kontra; maiatzean eman zuten bukatutzat lanuztea.