Tubos Reunidos enpresaren Bilboko (Bizkaia) egoitzan miaketak egiten ari da Guardia Zibileko Unitate Zentral Operatiboa (UCO), PSOEri lotutako ustelkeria kasu baten barruan, antza denez. Momentuz, sekretupean daude gaurko operazioaren nondik norakoak, baina hainbat komunikabidek aipatu dute Leire Diez PSOEko kide ohiaren auziarekin duela zerikusia. Santiago Pedrazek, Auzitegi Nazionaleko epaile batek, agindu omen ditu miaketak.
Hainbatetan aipatu dute Tubos Reunidos Leire Diezen kasuari buruzko sumarioan, zehazki, Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietateak (SEPI) konpainiari emandako 112,8 milioi euroko mailegu baten harira. Hirurok izenez ezagutzen den taldeak (Diez, Antxon Alonso enpresaria eta Vicente Fernandez SEPIko presidente ohia) esku hartu omen zuen Tubos Reunidosek dirulaguntza hori jaso zezan. Are gehiago: Diezek, Santos Cerdanek (PSOEko buruetako bat) eta Tubos Reunidoseko bi enpresaburuk bilera bat egin zutela jasotzen du sumarioak; Ferraz kaleko egoitzan izan omen zen, 2024ko azaroan.
UCOren susmo gehiago ere jaso dituzte zenbait hedabidek: badirudi ikertzen ari direla ea Hirurok taldeak bitartekari-lanak egin zituen "EAJko kideren batekin", dirulaguntzari bide egiteko.