Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidenteak Irango Errepublika Islamikoaren "baldintzarik gabeko errendizioa" eskatu zuen atzo, Washingtonek eta Tel Avivek Teheranen aurka larunbatean hasitako "gerrari amaiera emateko bide bakarra" delakoan. "Ez da inolako akordiorik egongo Iranekin, BALDINTZARIK GABEKO ERRENDIZIOA ez bada", idatzi zuen agintariak Truth Social sarean, eta erasoetan eraildako Ali Khamenei ordezkatuko duten agintari "onargarriak" eskatu zituen.
Ordu batzuk beranduago, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak azaldu zuen Washingtonek uste duela "Iran baldintzarik gabeko errendizio-egoeran" egongo dela "Trumpek erabakitzen duenean jada ez dela mehatxu bat". AEBen eta Israelen eraso militarra zazpi egunez luzatu da jada, eta gutxienez 1.332 zibil erail dituzte Iranen. AEBei eta Israeli "gerra-krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak" egitea leporatu die Amir Saeid NBEko enbaxadoreak, "populazio handiko guneei, eskolei eta zentro medikoei" eraso egiteagatik.
Iranek, 23. aldiz, Israelgo Estatuaren eta AEBetako baseen aurkako errepresio-olde batekin erantzun du. Israelgo komunikabideek Tel Aviveko eta Jaffako ospitaleetan izandako kaosaren berri eman dute; izan ere, gainezka egin dute kolono zaurituen etorrerarekin, agintari sionistek biktimei buruzko informazioaren kontrol zorrotza mantentzen duten bitartean. Irango misilek Ben Gurion aireportua jo dute, Tasnim agentzia irandarrak baieztatu duenez.
Fronte diplomatikoan, Europako herrialdeak ohartarazi ditu Irango Atzerri ministrorde Majid Takht-Ravanchik: AEBen eta Israelen erasoarekin bat egiten badute, Teheranen errepresaliarako "helburu legitimo" bihurtuko omen dira. "Ez gara estatubatuarrez fidatzen. Traizioa egiteaz gain, diplomaziari traizio egin zioten", adierazi zion politikariak France 24-ri, bonbardaketak hasi baino ordu batzuk lehenago bi aldeek zituzten negoziazioei erreferentzia eginez.
Eskualdeko gerra
Gerra hedatzen ari da eskualde osoan. Qatarrek jakinarazi du Irango bederatzi drone atzeman dituela, eta Golkoko aireko defentsak martxan daudela etengabeko mehatxuaren aurrean. Libanon, Israelen bonbardaketek 217 pertsona erail dituzte astelehenetik, Osasun Ministerioaren arabera, eta ehunka mila zibilen desplazamendua eragin dute. UNIFILek Al Qawzahko bere kuartel nagusiaren aurkako eraso bat salatu du, Ghanako bi kasko urdin zauritu dituena. Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak seinalatu du, hain zuzen ere, herrialdeak hondamendi humanitario bati aurre egin behar diola une honetan. Iraken, leherketa berri batzuek Bagdad eta Basora astindu dituzte, milizia xiitek base estatubatuarren aurkako erasoak areagotu dituzten bitartean.
"Klase bikaineko armamentuaren ekoizpena laukoiztea"
Etxe Zuriaren ustez, operazio militarra "lau eta sei aste artean luzatu daiteke", eta AEBak "Irango aire-espazioa kontrolatzeko bidean" egongo lirateke. Trump herrialdeko armagile nagusiekin bildu da (BAE Systems, Boeing, Lockheed Martin, Northrop Grumman eta Raytheon, besteak beste ), eta "klase bikaineko armamentuen ekoizpena laukoiztea" adostu omen dute. Aldi berean, Brent petrolioaren prezioa 90 dolarretik gorakoa izan da upeleko, COVID-19aren pandemiaz geroztik lehen aldiz. Asteko igoerarik handiena izan da sei urtean. Itsas-trafikoak, gainera, ia geldirik jarraitzen du Ormuzko itsasartean.
Bestalde, Vladimir Putinen eta Masud Pezeshkianen arteko elkarrizketak izan direla baieztatu du Kremlinek, eta harremanetan jarraitzea adostu dute antza. Bien bitartean, Moskuk Teherani inteligentzia-informazioa helarazi diola susmatzen dute Mendebaldetik, AEBetako aktiboak aurkitzeko.
AEBetako bi funtzionariok atzo Reuters agentziari jakinarazi ziotenez, AEBetako ikertzaileek uste dute Minabeko neskatoen eskolaren aurkako erasoaren erantzuleak AEBetako indarrak izan daitezkeela. Ikerketa ez dago amaituta, ordea, eta posible da informazioek Israel ere jomugan hartzea.