AKTUALITATEA / Iranen aurkako eraso inperialista
Trumpek atzera bota du Iranen bake-proposamena
Teheranek bidalitako dokumentua "guztiz onartezina" dela dio eta programa nuklearrari buruzko eskakizun maximalistak planteatzen ditu; Israelek Libano hegoaldeko bonbardaketak areagotu ditu.
2026eko maiatzaren 11 - 09:19
Trumpek atzera bota du Iranen bake-proposamena
— ARGAZKIA The White House (X)

AEBetako Gobernuak, Donald Trump buru duela, formalki errefusatu du Irango Errepublika Islamikoak maiatzaren 10ean igorritako su-etenerako proposamena. Truth Social plataformaren bidez, Trumpek esan du Iranen erantzuna "guztiz onartezina" dela, eta Teherani leporatu dio nazioartearekin "jolastea". Pakistanek kudeatutako mugimendu diplomatikoak hamalu puntuko plan bat ezarri nahi zuen liskarrak gelditzeko, Ormuzko itsasartean nabigazioa ziurtatzeko eta gatazkaren amaiera Libanoren aurkako erasoen etetearekin lotzeko.

Estatu Batuetako administrazioak presio maximoko jarrera mantentzen du, itsas-blokeo aktibo batek babestuta. AEBetako Komando Zentralak (CENTCOM) bere kanal ofizialetan esan du itsas-indarrek 61 itsasontzi komertzial "birbideratu" eta beste lau "desgaitu" dituztela Ormuzko itsasarteko setio-operazioetan. Aldi berean, Chris Wright Energia idazkariak NBC-ren Meet the Press programan baieztatu duenez, AEBetako Gobernuak gasolinaren zerga federala bertan behera uztea erabaki du, gerrak eragindako erregaien garestitzea arintzeko; batez beste, galoi bakoitzeko prezioa 4,52 dolarrekoa da.

Fronte militarrean, Benjamin Netanyahuk CBS-ri adierazi dionez, Iranen aurkako gerra "ez da amaitu", eta edozein akordio Teheranen "aberastasun-guneak eta indar aliatuak" desegitearekin lotu du. Zeharkako negoziazio horiek egiten diren bitartean, Israelgo Estatua marra gorriak ipintzen ari da eta Libanoko lurraldearen aurkako erasoaldia areagotzen ari da. Libanoko Osasun Publikoko Ministerioaren datuen arabera, Israelen erasoek 2.846 pertsona erail dituzte martxotik; horietatik 552, apirilaren 16an ustezko "su-etena" hasi ostean.

Mark Kelly senatari demokratak CBS News-en ohartarazi duenez, AEBetako munizioak "agortuta" daude, eta horiek berrezartzeko "urteak" beharko lirateke. Bestalde, Irango Gobernuak, Kazem Gharibabadi ministrordearen bitartez, ohartarazi du "erantzun erabakigarria" emango duela Frantziako eta Erresuma Batuko gerra-ontziak hedatu izanagatik.

Azkenik, Israelen erasoaldiak eskualdeko biztanleen oinarrizko azpiegiturak eta bizi-baldintzak suntsitzen jarraitzen du. Libano hegoaldean, Israelgo artilleriak Nabatiehko gobernazioaren estazio elektrikoari eraso egin dio, eta hainbat herri hornidurarik gabe utzi ditu. Wafa agentziak salatu duenez, kolonoek eta okupazio-indarrek "arpilatzeekin, lurrak lapurtzen eta jabetzak suntsitzen" jarraitzen dute Zisjordanian. Bitartean, Al-Shifa ospitaleko boluntarioak olibondoak landatzen ari dira hobi komunetako 500 gorpu baino gehiago berreskuratu zituzten patioetan, NBEk eta hainbat antolakunde sozialek etengabeko genozidio-prozesu gisa definitzen duten suntsiketa sistematikoaren sinbolo modura.