AKTUALITATEA / Soldata sistema
Supermerkatuetako kutxazainak txertaketa-protokolo espezifikotik kanpo utzi ditu Eusko Jaurlaritzak
Hasiera batean txertaketaren seigarren fasearen barruan sartu behar bazituzten ere, azkenean COVID-19aren aurkako txertoa ukatu diete sektoreko langileei. Eusko Jaurlaritzak enpresei telefonoz komunikatu die aldaketa, bide publikoetatik zuzenean plazaratu ordez. "Iluntasunez inguratutako erabakia" dela salatu dute beharginek.
2021ko martxoaren 31
Supermerkatuetako kutxazainak txertaketa-protokolo espezifikotik kanpo utzi ditu Eusko Jaurlaritzak

Supermerkatuetako kutxazainak COVID-19aren aurkako txertaketa-protokolo espezifikotik kanpo uztea ebatzi du Eusko Jaurlaritzak. ELA sindikatuak salatu duenez, instituzioek telefonoz jakinarazi diete enpresei erabaki berria, eta langileek azken horien ahotik jaso behar izan dute.


Beharginek Eusko Jaurlaritzaren "enegarren norabide aldaketa" salatu dute, "formagatik zein funtsagatik". Izan ere, kutxazainak txertaketaren seigarren fasean sartzekotan ziren, eguneroko jardunean bizi duten arriskuagatik.

Iluntasunez

Soldatapekoen esanetan, "Eusko Jaurlaritzak ez du bere erabakia publiko egin nahi izan", eta horren ordez, "enpresei informazioa telefonoz eman die". Horrez gain, gogora ekarri dute duela aste batzuk Osasun Saileko sailburuordearen gutun ofizial bat jaso zutela, supermerkatuetako kutxazainentzako txertaketa-kanpainaren hasieraren berri emateko. "Orduan bai, era publikoan eta sinadura bidez egiteko arazorik ez zuen izan Eusko Jaurlaritzak", ondorioztatu dute beharginek.

Hortaz, honakoa "iluntasunez inguratutako erabakia" izan delakoan daude, izatez, irizpide aldaketa ez omen dute Eusko Jaurlaritzaren iturri, dokumentu edo protokolo ofizialek jasotzen.