AKTUALITATEA / Errepresioa
Sadar bi hilabetez ixtea proposatu du Indarkeriaren Aurkako Batzordeak
Maiatzaren 22an ateak irekita egindako entrenamenduan "zale talde ultra" baten sinboloak erakutsi zirela eta "dozena bat bengala" piztu zirela argudiatu du Batzordeak. Erakunde berak bultzatuta, iaz, 60.000 euroko isuna jarri zioten Indar Gorriren sare sozialen arduraduntzat hartutako pertsona bati, sionismoaren aurkako mezu batengatik.
2026eko ekainaren 5 - 08:10
Sadar bi hilabetez ixtea proposatu du Indarkeriaren Aurkako Batzordeak

Neurri ikaragarri gogor bat proposatu du "Indarkeriaren Kontrako Batzordea" delakoak Osasunako eta Getafeko zaleen kontra: denboraldiko azken jardunaldian izandako ustezko urraketa batzuk direla-eta, Sadar eta Getaferen futbol-zelaia behin-behinean itxi nahi ditu Batzordeak. Zehazki, bi hilabetez zarratu nahi du Iruñeko Sadar estadioa eta 200.000 euroko isuna jarri nahi dio klubari, denboraldiko azkenengo partidaren bezperan izan zen entrenamenduan arau-hausteak baimendu zituela iritzita.

Maiatzaren 23an izan zen azken partida hori, Osasunaren eta Getaferen artean. Aurreko egunean, maiatzaren 22an, ateak irekita egin zuten entrenamendua futbolariek, ikusleekin. Bada, saio horretan, harmailetan "dozena bat bengala" piztu zirela salatu du Indarkeriaren Kontrako Batzordeak, eta "zale talde ultra" baten sinboloak ikusi izana ere problematizatu du, Indar Gorriri erreferentzia eginez antza. "Jokalariak harmailetara gerturatu ziren, eta talde horren banderak eta bufandak jarri zituzten", seinalatu dute Batzordetik. Horrexegatik hartu nahi ditu Osasunako zaleen eta klubaren aurkako neurriak.

Klubak adierazi du "bidegabea eta proportzionaltasunaren kontrakoa" dela Indarkeriaren Kontrako Batzordearen zigor-eskaera: "Ez dator bat gertatu zenarekin. 5.000 zale inguru bildu ziren, eta ez zen liskarrik edo istilurik izan".

60.000 euroko isuna sionismoa salatzeagatik

Aurrez ere jo du Osasunako zaleen aurka Indarkeriaren Aurkako Batzordea deiturikoak. Indar Gorrik 2024an jakinarazi zuen, esaterako, taldearen sare sozialak eramateagatik seinalatutako pertsona bati isun ikaragarri handi bat ezarri nahi ziola Batzordeak, 60.000 eurokoa, "mezu xenofoboak eta gorrotozkoak" argitaratzea leporatuta. Gerora jakin zen zein zen zigor horren arrazoia: Granada taldeko Shon Weissman jokalari israeldarraren presentzia gaitzesteko mezu bat, Sadarrera bertaratzekoa zenean.