"Indarkeriaren Kontrako Batzordea" delakoak jopuntuan dauka Indar Gorri. Ustez taldearen sare sozialak eramateagatik seinalatu du pertsona bat, eta hari 60.0001 euroko isuna jartzea proposatu du, baita kirol-eremuetara sartzeko debekua jartzea ere, 24 hilabetez.
Itxura denez, Indar Gorrik bere sare sozialetan argitaratutako mezu batzuengatik jo du aipatutako gaztearen kontra: argitalpen horiek "mezu xenofoboak eta gorrotozkoak" direla dio Indarkeriaren Kontrako Batzordeak, eta horien bidez "biolentzia sustatzea" leporatu dio sare sozialak eramaten omen dituen kideari. Dena den, batzordeak ez du zehaztu zein mezuz ari den, eta zergatik diren ustez zigortzeko modukoak.
Astelehen honetan bildu da aipatutako batzordea, eta gero nabarmendu du hainbatetan zigortu duela Indar Gorri, 19/2007 Legea aitzakiatzat hartuta. Teorian indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren kontrakoa da legeria hori.
Bestalde, badirudi Osasunari bere zaleak gehiago erreprimitu ditzala eskatzen ari dela Indarkeriaren Kontrako Batzordea: 20.000 euroko isun bat jarri nahi dio klubari, besteak beste, Sadar futbol-zelaiaren eremu batean zaleei hesi batzuetara igotzen uzteagatik. Hori gutxi balitz, zale bati 3.001 euroko zigorra eta sei hilabeteko debekua ezartzea ere proposatu du batzordeak, jokozelaira sartzeagatik.